Zestoako eta auzoetako jaiak bertan behera utzi ditu Zestoako Udalak

Nerea Uranga 2020ko uztailaren 3a

Zestoako Udalak ofizialki bertan behera utzi dituen jaiak dira Arroa Beheko karmenak, Arroa Goiko Santio-Santa Ana jaiak, Aizarnako Amabirjin jaiak eta Zestoako amabirjinak. Osasun krisia dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak emandako agindua hartu du kontuan udalak erabakia hartzeko garaian.

Zestoako Udalak uztailaren erditik irailera bitarteko auzoetako (Arroa Behea, Arroa Goia eta Aizarna) eta herriko jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu du; uztailaren 2an sinatu zuen ebazpena Mikel Arregi Zestoako alkateak. Horretarako, COVID-19 gaitzak eragindako egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ekainaren 18an emandako agindua hartu du kontuan. Agindu hori osasun krisiari aurre egiteko prebentzio neurriei buruzkoa da. Jaietako ekitaldietan birusaren hedapena saihesteko hartu beharreko segurtasun neurriak bermatzea "oso zaila" dela adierazi du alkateak ebazpenean. Dena den, alkateak esan du jabetzen dela festa horiek herritarrentzako duten garrantziaz: "Festak bertan behera uzteko erabakia zaila izan da, jai horiek herritarrentzako garrantzia handia dutelako, baina arduraz jokatzeko unea da". Hala ere, festarik ez, baina herriko bizitza eta kultur arloari bultzatzeko asmoarekin udan hainbat ekintza antolatzeko asmoa azaldu du udalak: "Kultur egitarau berezi bat antolatuko da udarako, baina segurtasun neurri guztiak betetzen direla bermatuz".
Udalaren erabakiaren ondorioz bertan behera gelditu diren jaiak honakoak dira: Arroa Beheko Karmen jaiak (uztailaren 16aren bueltan), Arroa Goiko Santio-Santa Ana jaiak (uztailaren 25aren eta 26aren bueltan), Aizarnako Amabirjin jaiak (abuztuaren 15aren bueltan) eta Zestoako amabirjinak (irailaren 8aren bueltan).
 
Udako ekintzak antolatzeko herri batzordea
Uztailaren 7rako, asteartea, herri batzordea deitu du Zestoako Udalak. 19:00etan izango da bilera, Kultur Etxean. Batzordearen helburua izango da udako ekintzen programazioa osatzea. Ekintza horiek osasun krisiak eskatzen dituen segurtasun neurrietara egokituta antolatuko dituzte.
 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide