Emakumeen pilota, plazara

Anartz Izagirre - Nerea Uranga 2020ko uztailaren 1a

Emakumeen pilotari buruzko 'Plazandreak' saioa estreinatuko dute ETB1en ostiralean, eta Naroa Agirre eta Reyes Azkoitia pilotariek parte hartuko dute saioan.

Ez dira hilabete samurrak izan pilotarientzat, COVID-19a medio hainbat hilabetez frontoiak zapaldu ezinik egon direlako, baina egunek aurrera egin ahala, gero eta ohikoagoa da herrietako eta auzoetako frontoietan pilotari profesionalak nahiz herritarrak entrenatzen eta jokatzen ikustea.

Hala eta guztiz ere, bertan behera gelditu dira Euskal Herrian udan ohikoak izan ohi diren pilota txapelketetako asko, eta pilotariek ez ezik, txapelketen antolatzaileek ere bestelako moduak topatu behar izan dituzte txapelketak egin ahal izateko. ETB1ek ostiralean estreinatuko duen Plazandreak saioa da horren adierazle. Izan ere, hamabi emakume pilotari nor baino nor arituko dira frontoian, lau taldetan banatuta, eta eskualdeko bi pilotarik parte hartuko dute bertan; Reyes Azkoitia (Azkoitia, 1952) entrenatzaile lanetan arituko da, eta Naroa Agirre (Arroa Goia, Zestoa, 2003), berriz, lehian. Etzi hasita bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte guztira pilotariek, ostegunero, eta aste bakoitzean hiru partida jokatuko ditu talde bakoitzak. Egun horretan bertan emango dute ETB1en eta Eitb.eus atarian saioa, 22:30ean hasita. Iñigo Aiestaran izango da programaren aurkezlea, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik lagunduta.

Naroa Agirrek Andrea Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendi izango ditu taldean, eta Erlantz Garciaren esanetara arituko dira hiru jokalari horiek. Agirre "oso gustura" dago egokitu zaion taldearekin, pilotariak aurrez ezagutzen baitzituen: "Pilota gogorrarekin lehiatzen gabiltzanak ez gara asko, eta elkar ezagutzen dugu. Gainera, Olatz nire adinekoa da eta bere aurka partida asko jokatu ditut, baita Andrearen aurka ere". Elkarren aurka ez ezik, elkarrekin ere partidak jokatu dituztela azaldu du arroarrak, eta alde horretatik ere "gustura" dagoela aitortu du Agirrek, gainontzeko taldeen aurka jokatuko baitute, ez elkarren aurka. Ildo horretatik, arroarrak nabarmendu du "estrategia lantzeko aukera" eman dietela programako antolatzaileek: "Jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko ditugu, bi lau eta erdikoak eta bat binaka, eta taldekide bakoitzak ez du zertan partida bat jokatu; hau da, gure esku dago taldearen estrategia nolakoa den definitzea".

Azkoitia, botilero

Reyes Azkoitiak, berriz, entrenatzaile lanak egingo ditu txapelketan, eta Irantzu Etxebestek, Nora Mendizabalek eta Olatz Arrizabalagak osatutako taldea gidatuko du. Pilotari ohia da Azkoitia, baina pilota entrenatzaile gisa esperientzia handia du. Izan ere, 30 urtez Bergarako Pilota Elkarteko pilota eskolaren ardura izan zuen; orain dela bi urte utzi zion zeregin horri. 66 urterekin Emakumea Master Cup pilota txapelketan aritu zen pilotari Azkoitia, Iker Lamarika txapelketaren antolatzaileak animatuta. Orain ere Lamarikak proposatu dio Plazandreak saioan parte hartzeko. "Egia esateko, hor ezetz esateko aukerarik ere ez didate eman. Kasu honetan ere Iker Lamarikak deitu zidan saioan botilero aritzeko, bizitza guztian horretan jardun dudala eta. Oraingoan ere ezetz ezin esan".

Taldekide izango dituenak pilotalekuetatik ezagutzen ditu Azkoitiak, baina inoiz ez ditu entrenatu. "Nik, beti, entrenatu ditudan pilotari gazteen botilero jardun dut, inoiz ez naiz aritu botilero nik entrenatu ez ditudan pilotariekin. Plazandreak saioan, ordea, talde guztiek baldintza berak izango ditugu", azaldu du Azkoitiak.

Agirrek, irabaztea xede

Agirrek helburu argi bat duela azpimarratu du, irabaztea: "Gainontzeko guztiek bezala, neuri ere txapelketa irabaztea gustatuko litzaidake, eta pilota gogorrean maila polita erakustea". Horrez gain, "gozatzea" da bere asmoa. Izan ere, uda honetan jokatuko duen txapelketa bakarra da arroarrarena, jokatzeko asmoa zuen gainontzeko txapelketa guztiak bertan behera gelditu baitira koronabirusaren eraginez: "Esan zigutenean txapelketa guztiak bertan behera geldituko zirela, pena hartu nuen, baina aldi berean ulertu nuen erabakia. Konfinamenduan hiru hilabetez etxean geldirik egon ostean, txapelketa honengatik ez balitz beharbada ez nintzen entrenatzen hasiko. Beraz, oso ondo etorri zait". Izan ere, Agirrek ez du pilota astintzeko betarik izan etxean, nahiz eta onartu duen sukaldeko hormaren aurka pilotakada batzuk eman izan dituela azken hilabeteetan. Ildo horretatik, federatuei frontoira itzultzen utzi zietenean "berehala" frontoira joan zela azaldu du Agirrek, eta hainbeste denboraren ostean lehen aldiz frontoia zapaldu zuenean, "irribarre tonto bat" atera zitzaiola.

Azkoitiak pilota entrenatzaile lanak utzita ditu gaur egun, baina egunero joaten da Bergarako (Gipuzkoa) –Bergaran bizi da gaur egun– pilotalekura pilotari gazteen entrenamenduak ikustera. Osasun krisia tarteko, ordea, hiru hilabetez frontoirik zapaldu gabe egon da. Hala ere, "aspaldiko partez" etxeko garajean pilotan jardun du egunero-egunero.

Plazandreak bezalako saioen garrantziaz galdetuta, bai Azkoitiaren eta bai Agirreren ustez, "sekulako garrantzia" du halako txapelketa bat telebistan emateak. Hala dio Agirrek: "Txapelketa bat herri batean jokatzen baduzu, hango herritarrak soilik konturatuko dira, baina partidak telebistaz emanda Euskal Herri osoko herritarrek ikus ditzakete". Era berean, Agirrek nabarmendu du "mutilen partidak ematen dituzten ordutegi berean" emango dutela saioa, eta "garrantzitsua" dela hori ere: "Jendeak emakumeen pilota ezagutu dezan sekulako aukera iruditzen zait Plazandreak saioa, eta telebistan eskainita oihartzun handiagoa izango du".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide