Asteburu honetatik aurrera berriro ikusi ahal izango da Lilitarren ohorea antzezlana Zestoako Lili jauregian, eta dagoeneko erreserbatu daitezke antzezlana ikusteko sarrerak. Uztailean eta abuztuan, guztira, lau emankizun eskainiko dituzte astero: ostiraletan zein larunbatetan 16:30ean gazteleraz eta 17:30ean euskaraz ikusi ahal izango da antzezlana; igandeetan eta jaiegunetan, aldiz, 11:30ean gazteleraz eta 12:30an euskaraz. Antzezlana ikusteko sarrerak Lili jauregiaren webgunean eskuratu daitezke edo 943-86 88 11 telefonora deituta. Aurrez eskatuz gero, programatutako orduetatik kanpo ere egin daiteke erreserba.
Lili jauregiko benetako agertokietan eta historiako pertsonaiekin osatutako antzezlana da Lilitarren ohorea, eta Lili leinuko azken biztanleak, Andre Madalenek, 1678. urtera eramaten ditu bisitariak. Hark bisitan zehar jauregiko aretoak erakusten dizkie bisitariei.
Osasun neurriak bermatuta
Lili jauregiko arduradunek adierazi dutenez, hainbat osasun eta segurtasun neurri hartu dituzte kutsatzeak saihesteko. Bisitari guztiek maskara eraman beharko dute bisitan zehar, eta sarreran eskuak garbitu beharko dituzte horretarako jarritako gelekin. Horrez gain, bisitarien eta aktoreen arteko distantzia errespetatu beharko da, eta ezingo dira jauregiko altzariak edota bestelako elementuak ukitu. Bestalde, bisitariek saioa amaitu ostean atera ahal izango dituzte argazkiak, betiere elkarren arteko distantzia errespetatuta.