Arroa Beheko Ezkaizto auzo elkarteak maiatzaren erdialdera jakinarazi zuen zeintzuk ziren II. Ipuin Lehiaketako irabazleak, eta atzo egin zuten sariak banatzeko ekitaldia. Egoerak hala behartuta, jende pilaketak saihesteko neurriak hartu behar izan zituzten antolatzaileek, eta Jare Rodriguez, Julen Doñelfa eta Maria Iribar irabazleak, lehiaketaren antolatzaileak, eskolako ordezkariak eta epaimahaiko kideak bakarrik bildu ziren frontoian, ikuslerik gabe. Euskarazko liburu sorta bana jaso zuten irabazleek.
Saridunak hiru izanagatik, lehiaketan parte hartu duten guztiak zoriondu zituzten antolatzaileek, eta irakurtzen eta idazten jarraitzera animatu zituzten. Honako lotura honetan jarri dituzte irakurgai lehiaketara aurkeztu dituzten ipuin guztiak.