Sarrera guztiak agortuta, asteartean ekingo diote Antzerki Asteari

Aitziber Arzallus 2020ko eka. 25a, 16:22

Lau egunez "herria bahituko" dutela azaldu du Amancay Gaztañaga zuzendariak. Ekitaldi guztiak kalean egingo dituzte, beharrezko segurtasun neurriak hartuta.

Errazena dena bertan behera uztea izango zen arren, ezohiko egoerari aurre egin, buruari buelta asko eman, eta aurten ere Zestoako Antzerki Astea egitea erabaki dute Eromen Produkzioak taldeko kideek. Osasuna babesteko neurriak errespetatu beharrak jaialdiaren formatua birpentsatzera bultzatu ditu, eta, ondorioz, aurtengo edizioa "berezia eta desberdina" izango dela azaldu du taldearen zuzendari Amancay Gaztañagak. "Dena kalean egingo dugunez, lau egunez herria bahituta izango dugu; bahiketa poetikoa izango da".

Datorren asteartean, ekainak 30, ekingo diote aurtengo Antzerki Asteari, eta dagoeneko salduta dituzte sarrera guztiak. "Lehendik ere areto txikia bageneukan, aurten are sarrera gutxiago jarri ditugu salgai", adierazi du Gaztañagak. "Hau guztia nola egin pentsatzen hasi ginenean, ezinezkoa zen jakitea une honetan deskonfinamenduaren zer fasetan egongo ginen; horregatik, lehendabiziko faseko neurriak hartuta antolatu genuen jaialdia, nola edo hala egiteko modua izan genezan". Dena dela, herritarren erantzuna "sekulakoa" izan dela nabarmendu du. "Beste urteetan ere ondo saldu izan dira sarrerak, baina aurten are gehiago; hamar egunean saldu ditugu guztiak".

Ezohiko egoeran ere, Eromen Produkzioak taldeko kideek egitarau bete-betea antolatu dute aurtengo Antzerki Asterako, eta asteartea iristeko gogoz daudela esan dute. Eguraldia da kezkarik handiena eragiten diena. Euria egingo balu, Kultur Etxearen atarirako programatuta dituzten ekitaldiak han bertan dagoen aterpean egingo lituzketela azaldu du Gaztañagak, baina saiatuko direla beste guztiak pentsatutako lekuetan egiten. "Euri jasa handia egiteko iragarpena balego, aztertuko genuke egoera eta saiatuko ginateke egiteko modua topatzen".

Erronka eta esperientzia

Eromen Produkzioak taldeko kideek aitortu dute "erronka bat" izan dela ezohiko baldintzetan aurtengo jaialdia antolatzea, baina Iñigo Antsorregi kidearen hitzetan, "konfinamenduari ihes egiteko modu bat ere izan da". "Hasierako asmoak beste batzuk ziren arren, denon artean jakin dugu egoerara egokitzen, eta nik uste, azkenean, gauza politak sortzeko gai izan garela". Behartutako egoerak sekula landu gabeko esparruetan aritzera bultzatu ditu antzerki taldeko kideak. "Irratsaioa egitea, esaterako, berria izan da niretzat, baina esan beharra daukat oso esperientzia polita eta aberasgarria izan dela", esan du Ima Izeta kideak.

Eromen Produkzioak taldeko kideak ez ezik, Antzerki Astean parte hartuko duten beste artistak ere "gogotsu" daude euren emanaldietarako. Erika Olaizolak uztailaren 3an eskainiko du Panpina antzezlana, eta esan du "hilabeteetako deskonexioaren ostean, lanera itzultzen hasteko modu polita" izango dela. Xanti Agirrezabalak, berriz, antolatzaileen ausardia txalotu du, errazena etxean gelditzea izango zen arren, jaialdia egitea erabaki dutelako", eta kalean antzerkia egiteak "bere magia" baduela adierazi du azpeitiarrak. Agirrezabalak uztailaren 4an eskainiko du Satiro antzezlana.

Hona hemen egitaraua:

Ekainaren 30a, asteartea

20.00etan, akzio poetikoa Zestoako kaleetan.

21.00etan, irrati nobela. Kukurruku 101.75 FM-n.

22.30ean, Matriuska antzezlana Kultur Etxearen aurrean. Sarrera: 8 euro. Konpainia: Kamikaz Kolektiboa. Aktoreak: Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga.

Uztailaren 1a, asteazkena

12:00etan, irratsaioa. Kukurruku 101.75 FM-n eta sare sozialetan.

16:00etan, irratsaioa. Kukurruku 101.75 FM-n eta sare sozialetan.

19.30ean, akzio poetikoa Foru plazan. Sarrera doakoa izango da, eta turismo bulegoan egongo da eskuragarri. Aktoreak: Eromeneko kideak.

20:00etan, akzio poetikoa Euskal Herria plazan. Sarrera doakoa izango da, eta turismo bulegoan egongo da eskuragarri. Aktoreak: Eromeneko kideak.

21:00etan, irrati nobela. Kukurruku 101.75 FM-n.

21:30ean, akzio poetikoa Euskal Herria plazan. Sarrera doakoa izango da, eta turismo bulegoan egongo da eskuragarri. Aktoreak: Eromeneko kideak.

22:30an, Esnatu naiz antzezlana Kultur Etxe aurrean. Sarrera: 8 euro. Konpainia: Elur etxea. Aktorea: Andoni Mutiloa.

Uztailaren 2a, osteguna

12:00etan, irratsaioa. Kukurruku 101.75 FM-n eta sare sozialetan.

16:00etan, irratsaioa. Kukurruku 101.75 FM-n eta sare sozialetan

20:00etan, akzio poetikoak Arretxe plazan. Sarrera doakoa izango da, eta turismo bulegoan egongo da eskuragarri. Aktoreak: Eromeneko kideak.

21:00etan, irrati nobela. Kukurruku 101.75 FM-n

21:30ean, akzio poetikoa Euskal Herria plazan. Sarrera doakoa izango da, eta turismo bulegoan egongo da eskuragarri. Aktoreak: Eromeneko kideak.

22:30ean, Panpina antzezlana Kultur Etxearen aurrean. Sarrera: 8 euro. Konpainia: Kamikaz kolektiboa. Aktorea: Erika Olaizola.

Uztailaren 3a, ostirala

12:00etan, irratsaioa. Kukurruku 101.75 FM-n eta sare sozialetan.

16:00etan, irratsaioa. Kukurruku 101.75 FM-n eta sare sozialetan.

21:00etan, akzio poetikoa Zestoako kaleetan.

21:30ean, akzio poetikoak Euskal Herria plazan. Sarrera doakoa izango da, eta turismo bulegoan egongo da eskuragarri. Aktoreak: Eromeneko kideak.

22:30ean, Satiro antzezlana Kultur Etxearen aurrean. Sarrera: 8 euro. Aktorea: Xanti Agirrezabala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide