Egun berezia izan da gaurkoa Zestoan. Izan ere, bi urte eta erdiren ostean, elizkizunak itzuli dira parrokiara. Askok dute gogoan 2017ko abenduaren 1a. Egun horretan tximista batek Zestoako parrokiaren kanpandorrea eraitsi eta hainbat kalte eragin zituen elizan. Ordutik, ez da elizkizunik izan herrian. Orain, konponketa lanak ia amaituta eta koronabirusaren kontrako neurri guztiak hartuta, gaur egin dute aurreneko meza Zestoako parrokia eraberrituan, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak gidatuta. Herritarrak gustora agertu dira parrokiako ateak berriro zabalik daudelako.
Ezohiko meza izan da gaur eskaini dutena, baina herritar asko bertaratu dira hitzordura. Koldo Intxausti Zestoako apaizak ere parte hartu du elizkizunean, eta harentzat ere egun handia izan da gaurkoa, nahiz eta hark ez dion jende kopuruari garrantzia bereziarik ematen. Apaizak azaldu duenez, zenbait lan falta dira oraindik tximistak eragin zituen kalte guztiak konpontzeko, baina azken txanpan sartuta daude dagoeneko.
Parrokiaren kanpoaldean bestelakoa izan da irudia. Izan ere, mezak iraun duen bitartean, Munilaren kontrako elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek elizaren atarian. Faxismoaren birusak zure izena du, Munilla. Ez zaitugu herrian nahi lelopean elkartu dira protesta egitera atera diren herritarrak.