Bi urte eta erdiren ostean, elizkizunak itzuli dira Zestoako parrokiara

Julene Frantzesena 2020ko ekainaren 21a

2017ko abenduaren 1a. Orduz geroztik itxita izan da Zestoako Andre Mariaren Jasokundearen parrokia; izan ere, tximista batek kanpandorrea jo eta eraitsi zuen, eta hainbat kalte sortu zituen elizaren barruan, hala nola kupulan, teilatuan, koruaren gaineko sabaian, organo eraberrituan eta sakristian. Ordutik tximistak sortutako kalteak konpontzen eta eliza lehengoratzen aritu dira herritarrak eta elizako ordezkariak, eta bi urte eta erdiren ostean, gaur, igandea, egin dute lehen elizkizuna.

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak zuzendu du elizkizuna, baina alboan izan du Koldo Intxausti Zestoako apaiza. Dozenaka lagun izan dira elizkizunean, eta horiek koronabirusaren hedapena saihesteko hainbat neurri hartu behar izan dituzte. Besteak beste, maskarak jantzita jarraitu dute meza, eserleku jakin batzuetan jarri dira distantziak mantenduz eta gelak ere eskura izan dituzte elizako sarreran.

Elizan jendea, eta kanpoan ere bai. Hain zuzen ere, Munillaren aurkako protesta egin dute dozenaka lagunek meza hasi orduko. Elizaren atarian elkartu dira hainbat lagun, Faxismoaren birusak zure izena du. Munilla ez zaitugu herrian nahi lelodun pankartaren inguruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide