Datorren astelehenetik aurrera, Zestoako kiroldegiak ohiko ordutegian zabalduko ditu ateak. Astelehenetik ostiralera bitartean 08:30etik 21:00etara bitartean egongo da irekita kiroldegia, eta larunbatean, berriz, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean.
Ordutegia ohikoa izango bada ere, hainbat neurri hartuko dituzte kiroldegian, edukiera kontrolatzeko eta desinfektatze lanak egiteko. Kiroldegiak, beraz, tartekako itxialdiak egiten jarraituko du. Astelehenetik ostiralera ordu laurdeneko itxialdiak egingo dituzte aurrerantzean; larunbatetan, berriz, ordu erdikoak.
Gainera, erabiltzaile bakoitzak kiroldegian saioa egiteko mugatutako denbora izango du. Astelehenetik ostiralera bitartean, 16 urtetik 65 urtera bitartekoek ordu eta erdiko saioa egiteko aukera izango dute gehienez—10:30etik 12:00etara, 12:15etik 13:45era, 16:00etatik 17:30era, 17:45etik 19:15era eta 19:30etik 21:00etara—. 65 urtetik gorakoek, berriz, ordu eta 45 minutuko tartea izango dute —08:30etik 10:15era eta 14:00etatik 15:45era—.
Larunbatetan, berriz, ordubeteko saioa egin ahal izango dute gehienez erabiltzaile guztiek. 09:00etatik 10:00etara arteko tartea izango da 65 urtetik gorakoena; 16 urtetik 65 urtera bitarteko erabitzaileen ordu tarteak, berriz, honako hauek izango dira: 10:30etik 11:30era, 12:00etatik 13:00etara, 16:00etatik 17:00etara eta 18:00etatik 19:00etara.
Kiroldegia erabiltzeko gainerako neurriek "berdin" jarraitzen dutela azaldu du Zestoako Udalak. Halere, hitzordua hartzea, maskara erabiltzea, erabilitako materiala erabiltzaile bakoitzak desinfektatzea edota bi eskuoihal eramatea nahitaezkoak izango dira kiroldegian.