Lan hitzarmena sinatu dute Forjas Iraetako zuzendaritzak eta Langileen Batzordeak

Julene Frantzesena 2020ko eka. 17a, 12:16

Atzo, ekainak 16, sinatu zuten akordioa bi aldeek. Besteak beste, soldaten taulak, soldata igoerak, gaueko lanaren plusa eta errelebo plusak adostu dituzte. Langileen ordezkaritza duten ELA eta LAB sindikatuak gustura agertu dira hitzarmenarekin.

Forjas Iraeta enpresako zuzendaritzak eta enpresa horretako Langileen Batzordeak lan hitzarmen berria sinatu zuten atzo, ekainak 16. Hilabeteetako negoziazioaren ostean, eta langileen gehiengoak hitzarmenaren aldeko boza eman eta gero, sinatu dute akordioa bi aldeek. Langileen ordezkaritza duten ELA eta LAB sindikatuak gustura agertu dira hitzarmenarekin.

Lan hitzarmenean jaso dituzten puntuetako batzuk soldatari lotutakoak dira. Besteak beste, soldaten taulak, soldata igoerak, gaueko lanaren plusa eta errelebo plusak adostu dituzte. Gainera, lehen aldiz sinatu dute soldaten taula Forjas Iraeta lantegian. LAB sindikatuak azaldu duenez, 2011tik izoztuta zeuden langile hasiberrien soldatak, baina horiek hobetzea ere lortu dute.

Urteetan lortu den hitzarmen "onena" dela azpimarratu du ELAk; izan ere, sindikatu horren arabera, urteetan egindako aldarrikapenak jasotzen ditu akordioak, eta azpimarratzekoa da negoziazio kolektiboak COVID-19aren pandemiaren erdian ere fruituak eman dituela ikustea. LABek ere ildo beretik hitz egin du, eta negoziazioa hasterako jarritako helburuak bete dituztela azaldu du. "Hitzarmen duina lortu dela garbi esan dezakegu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide