Koronabirusa dela-eta etenda gelditu ziren zerbitzuak berreskuratzen jarraituko dute Zestoan datorren astean, eta dagoeneko martxan jarrita dauden beste batzuetan aldaketak iragarri ditu udalak. Azken horren adibidea da hilaren 8tik irekita dagoen udal kiroldegiaren funtzionamendua. Horrela, astelehenetik aurrera kiroldegiko bazkideek egunean bertan hartu ahalko dute kiroldegia erabiltzeko hitzordua; goizean eskatu -telefonoz deituta edo kiroldegian bertan- eta arratsaldean erabiltzeko moduan izateko.
Asteartetik aurrera itzuliko dena, berriz, Iraurgi Berritzenek Zestoan ematen duen enplegu eta orientazio zerbitzua da. Ohiko ordutegiarekin itzuliko da aholkularitza zerbitzu hori, 09:15etik 11:45era, udaletxeko beheko solairuko bulegoan. Erabiltzaileek, ordea, aurrez eskatu beharko dute txanda, eta bulegora sartzeko derrigorrezkoa izango da maskara jantzita eramatea eta segurtasun distantzia eta neurriak errespetatzea.
Gainontzean, udaletxeko ateak itxita egongo dira datorren astean ere. Udalaren zerbitzu denak martxan dauden arren, telematikoki jarraituko dute herritarrei arreta ematen. Ekainaren 22an irekiko dute berriro udaletxea.