"Oinezkoei lehentasuna itzuli nahi die Zestoako Udalak, eta bide horretan martxan jarri nahi dituen bi egitasmoren berri eman du. GI-631 errepideari eragingo dio egitasmoetako batek, eta herriguneko zenbait kaleri besteak. "XX. mendearen erditik hona, hemen egin diren hirigintzako esku hartze guztiak ibilgailu pribatuaren mugimenduen arabera egin dira. Baina garbi ikusten ari gara, jasangarritasunari zor zaion errespetuarengatik, eta herriak biziberritzeko eta herrietako giroa indartzeko, ezinbestekoa dela oinezkoak eta irisgarritasuna aintzat hartzea, herriko kaleak pertsonen erabilerarako lehenestea. Joera orokorra hori da eta uste dut Zestoan ere hortik jo behar dugula", adierazi du Mikel Arregi alkateak udalaren asmoak azaltzeko gaur eguerdian egindako agerraldian.
Zestoan "historikoki" aurreikusi izan den saihesbiderik ez dela egingo aurreratu du Arregik. Udalak saihesbideaz galdetuta, "ez epe ertainean, ez epe luzean" horrelakorik ez duela aurreikusten izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak erakundeari eman dion erantzuna. GI-631 errepideak eragiten dituen mugikortasun eta irisgarritasun eragozpenei irtenbidea ematea da, ordea, udalaren helburua. "Oso egoera prekarioan" dauden Arteaga auzotik errepiderako sarbideak hobetzea eta herri eskolaren eraikin nagusira oinez iristeko erraztasunak areagotzea dira, besteak beste, helburuak. Arregik berretsi du "lehentasuna oinezkoek izatea" dela helburua, "ibilgailuen mugikortasuna oinezkoen mugikortasunaren atzetik jarrita". Gasolindegi paretik herri eskola parerainoko errepide zatiari eragingo dio esku hartzeak.
Helburu horiek gauzatzeko, aldundiarekin hala adostuta, aditu talde bat kontratatu du udalak, "herriak errepide hori bere" nola egin dezakeen aztertu eta proposamenak diseina ditzan. Aditu taldearen txostena jaso du dagoeneko udalak, eta hor jasota dauden proposamenak –"proposamen egingarriak", alkatearen esanetan– herritarrei aurkezteko eta herritarren ekarpenak jasotzeko bilera irekia egingo dute orain; data ez dute zehaztu oraindik, baina hil honen bukaera aldean egingo dutela esan dute.
Arregik gogoratu du errepide horretan Akoako bideko zein Arocena hotelaren aurreko bidegurutzea ere "puntu beltza" dela. "Sekulako arazo teknikoa" aipatu du gune horri lotuta: espazio falta. "Hor kokatzen diren eraikinetako bat eraitsi gabe, ez dago espazio nahikorik ezer duinik egiteko", erantsi du, eta gune horri "bigarren fase batean heldu beharko" diotela esan du.
Udan, asteburuetan bezala
Herria nolabait erdibatzen duen errepidean ez ezik, herri barruan ere oinezkoen lehentasuna areagotzera etorriko da udalak iragarri duen bigarren egitasmoa ere. Horrela, orain arte asteburuetan bakarrik ezarri izan duten neurria eguneroko bihurtuko dute datozen uztailean eta abuztuan: erdiguneko hainbat kaletan ibilgailuen trafikoa eten eta oinezkoentzat bihurtuko dituzte datozen bi hilabeteotan. Pio Baroja plazarako sarreratik hasita, Erdikalea, Laranjadi ingurua eta Portale dira oinezkoentzat jarriko dituzten guneak.
Neurri horren gaineko xehetasunak, "zama lanak eta" nola egin zehazteko, merkatariekin elkartuko direla aurreratu du Ruben Alberdi zinegotziak; larrialdi zerbitzuekin ere hitz egingo dute, horietako ibilgailuen pasoa ziurtatzeko.