Pilotaleku irekiak erabilgarri izango dira gaurtik aurrera Zestoan

Urola Kostako Hitza 2020ko ekainaren 9a

Herritarrek distantzia eta segurtasun neurriak hartuta erabili ahal izango dituzte kirol instalazio horiek. Auzoetako frontoietan auzo horietako bizilagunek izango dute lehentasuna, baita Zestoako Pilota Elkarteko kideek ere. Jolas parkeek itxita segituko dute, Jaurlaritzaren aginduz.

Zestoako herriguneko nahiz auzoetako pilotaleku irekiak erabilgarri izango dira gaurtik aurrera. Hala jakinarazi du Zestoako Udalak, eta erakundeak zehaztu duenez, herritarrek distantzia eta segurtasun neurriak hartuta erabili ahal izango dituzte kirol instalazio horiek.
 
Orain arte federatutako kirolariek soilik izan dute frontiak erabiltzeko aukera –gehienez, binaka–, baina gaurtik edozein herritarrek joan ahal izango du horietara. Gainera, auzoetako frontoietan auzo horietako bizilagunek izango dute lehentasuna, baita Zestoako Pilota Elkarteko kideek ere.
 
Eusko Jaurlaritzak deseskalatzearen hirugarren fasean ahalbidetu du pilotalekuak irekitzea, baina jolas parkeak ezin dira zabaldu oraindik. Hori dela eta, Zestoako Udalak jakinarazi du herriguneko nahiz auzoetako jolas parke oro itxita izango dela bestelako agindurik jasotzen ez duten bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide