Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak martxan jarritako oinarrizko produktuen eta elikagai bankuaren ekimena eskualdera zabaldu da. Hori horrela, gaur, zapatua, eta datozen asteetan, Azpeitian ez ezik, Azkoitian eta Zestoan ere produktuen bilketa egingo dute.
Azkoitian Eroski eta BM supermerkatuen atarietan egingo dute oinarrizko produktuen eta elikagaien bilketa; 09:00etatik 14:00etara jasoko dituzte dohaintzak. Zestoan, berriz, Zestoako autoeskolaren atarian egingo dute janari bilketa, 11:00etatik 13:30era bitartean; Zestoan asteazkenetan ere egingo dute ekimena. Horrez gain, sareak hainbat egoitzatan utziko dituen kutxetan ekarpena egiteko aukera ere egongo da. Azkoitian Eroski txikian jarriko dute kutxa, eta Zestoan Unide, Miantxa eta Elortza supermerkatuetan. Ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ere eskaini du, ordea, Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak.
Arroza, lekaleak, pasta, egindako tomatea, konpresak —arruntak zein gauekoak—, pixoihalak, komuneko papera, esnea, kakaoa, olioa, gailetak, zerealak eta tostadak jasoko dituzte, besteak beste supermerkatuen atarian. Bildutako produktuak beharra duten herritarren artean banatuko ditu Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak.
Elkartasunean eta lan boluntarioan oinarritzen den proiektua dela adierazi dute sareko kideek, eta datorren astetik aurrera boluntarioak ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte. Boluntarioentzat informazio gehiago eskuragarri egongo da bilketa puntuetan.