Ia hiru hilabetez itxita egon ostean, astelehenean, hilak 8, berriro zabalduko ditu ateak Zestoako kiroldegiak. Erakundeek emandako osasun eta segurtasun neurriak kontuan hartuta zabalduko ditu Zestoako Udalak kirol instalazioak, eta herritarrei "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu diete, zestoarren artean COVID-19 gaitza hedatu ez dadin.
Astelehenetik ostiralera egongo da irekita kiroldegia, 08:30etik 20:00etara bitartean, eta bazkideek soilik erabili ahal izango dituzte instalazioak. Kiroldegia erabili nahi duenak aurrez hartu beharko du hitzordua, 943-14 79 42 telefonora deituta; 08:30etik 15:00etara bitartean egin beharko dira erreserbak. Kiroldegiko harreran ere egongo da horretarako aukera, hain zuzen ere leihatila bat zabalduko dute horretarako kiroldegi barrura sartu beharrik ez izateko.
Instalazioak erabiltzeko orduak adinaren arabera sailkatu dituzte: 65 urtetik gorako herritarrek 08:30etik 10:00etara nahiz 14:30etik 15:30era erabili ahal izango dute kiroldegia, eta 16 urtetik 64 urtera bitartekoek, berriz, bost txanda izango dituzte aukeratzeko. Ordu tarte horiek erreserbatu ondoren, arduradunek kiroldegira sartzeko ordu muga bat ezarriko dute; eta ondoren, datorren txandara arte itxi egingo dute kiroldegia. Goizetan ordu erdiko denbora tartea izango dute herritarrek beren txandara sartzeko, eta arratsaldeetan, hamabost minutukoa. Bestalde, udalak azaldu duenez, egunean behin soilik erabili ahal izango dute herritarrek kiroldegia, eta erreserbak ezingo dira egun berean egin; bezperara arte onartuko dira eskaerak. Era berean, kiroldegia itxita egon den bitartean bazkideek izan duten eskaintza birtuala bertan behera geratuko da.
Osasun eta segurtasun neurriak
Instalazioak erabiltzeko hainbat arau eta jarraibide ere zehaztu ditu udalak. Erabiltzaile guztiek bi toalla eraman beharko dituzte: norberaren izerdia garbitzeko txiki bat eta etzanda jartzeko nahiz makinetan erabiltzeko handi bat. Bestalde, kiroldegira sartu aurretik oinetakoak desinfektatu egin beharko dira, eta herritarrei tenperatura hartuko diete: 37'5 gradutik gora ematen duenak ezin izango du kiroldegira sartu. Horrez gain, eskuak hidrogelarekin garbitu beharko dituzte erabiltzaileek eta maskara jantzita ibili beharko dute instalazioetan barrena, nahiz eta kirola egitean maskara kendu ahal izango duten.
Era berean, udalak zehaztu du erabilitako makinak eta materiala norberak garbitu beharko dituela, horretarako kiroldegian jarriko diren desinfektatzaileekin. Bestalde, rokodromoan magnesio likidoa erabili beharko dute eskalatzaileek, eta mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileek izan ezik, gainontzekoek ezingo dute igogailua erabili.
Kiroldegiko arduradunek hainbat gomendio ere eman dizkiete erabiltzaileei: arropa luzea erabiltzea, nork bere ura eramatea — kiroldegiko iturriak itxi egingo dituzte —, eta jarduera fisikorako material propioa eramatea (gomak, esterilak...)
Hainbat gune erabilgarri
Kiroldegian erabili ahal izango diren guneak ere zehaztu ditu udalak. Edukieraren %30 baimentzen denez, hainbat gune ezin izango dira erabili. Honakoak dira erabilgarri izago direnak:
- Bizikletak
- Fitness aretoa:
- Makina kardiobaskularrak (bi zinta)
- Eliptika bat
- Goiko atalak lantzeko bi muskulazio makina
- Bi ergometro
- Areto anitza. Ikastaro birtualak (gehienez zortzi pertsona)
- Trinketea (pertsona bat)
- Frontoia (bi pertsona)
- Rokodromoa (bi pertsona)
Aldiz, crossfit aretoa eta sauna itxita egongo dira, baita aldagelak eta dutxak ere. Horrez gain, gimnasioko pisu libreak (mankuernak, alterak...) ere ezingo dira erabili.