Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murrizteko Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakia eta erabaki hori hartzeko modua gaitzetsi ditu Zestoako Udalak, "aldebakarreko erabakia" izan zelako. Izan ere, Zestoako Udalaren esanetan, "horrelako erabakiei buruz hitz egiteko aldez aurretik bildua beharko zukeen Gipuzkoako Finantzen Kontseilua hurrengo egunean bildu zen, eta dagoeneko hartuta zegoen erabakiaren berri emateko besterik ez zen izan". Horregatik, "elkarrizketaren aldeko apostu irmoa" egiteko eta hartutako erabakia berraztertzeko eskatu dio aldundiari.
Udalak, herritarren beharretatik gertuen dauden erakundeak izateaz gain, "lehen mailako erakundeak" direla ulertzen du Zestoako Udalak. "Zentzu honetan, euskal erakundeen arteko diru banaketan aldaketarik egon behar bada, erakunde guztien artean eztabaidatua eta adostua izan behar luke, aldeek informazioa modu gardenean partekatu ondoren eta ez orain erabaki den bezala, hau da, aldeekin hitzik egin gabe eta aldebakarrez". Nabarmendu du udalek foru funtsetik jasotzen duten diru hori "ezinbestekoa" dela zerbitzu publikoak garatzeko orduan, udalen eguneroko kudeaketan eta herritarren bizitzan eragin zuzena duten erabaki politikoetan.
Horiek horrela, hiru eskari egin dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari: "Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren inguruan elkarrizketaren aldeko apostu irmoa egiteko; aldebakarreko erabakia berraztertu eta udalekin elkarlanean irtenbide bat adosteko; eta Gipuzkoako Finantzen Kontseilua gobernua udalen gobernantza foro bihurtzeko". Foro horrek elkarlanerako, informazio partekatzeko, proposamenak aztertzeko eta adostasunak lortzeko gune izan beharko lukeela uste du Zestoako Udalak.