COVID-19 gaitza dela-eta itxita egon da azken hilabeteotan Zestoako Ekainberri museoa, baina ekainaren 2tik aurrera, asteartea, berriro irekiko dute museoa herritarrentzat. Ekainetik irailera 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik Ekainberri; asteartetik igandera. Museoko arduradunek adierazi dutenez, museoa orain arte itxita egon bada ere, Ekainberrin lanean jarraitu dute hilabete hauetan "eskaintza berrindartzeko" eta Ekainberriko gune eta instalazioak irekierako "baldintzetara egokitzeko".
Kutsatzeak saihesteko hartu dituzten neurrian artean, Ekain Fast bisita gidatua hamar pertsonetara murriztu dutela adierazi dute Ekainberriko arduradunek, modu horretara, bisitarien arteko distantzia errespetatzea posible izan dadin. Ekain Abentura zerbitzua (arkeologia esperimentaleko tailerrak eskaintzen dituen esperientzia), berriz, ez dute eskainiko.
Bestalde, garbitasun zerbitzua ere berrindartu egin dute Ekainberrin, eta bisitariak kontaktuan egon daitezkeen guneak "aldiro-aldiro" garbituko dituztela zehaztu dute arduradunek. Lili jauregiko Lilitarren ohorea antzezlana, berriz, ez dute eskainiko uztailera arte.
Ekainberriko arduradunek sarrerak aurrez erostea gomendatu die bezeroei: Ekainberriren webgunean, bulegoan (Portale kalea 1), 943-86 88 11 telefonora deituta nahiz info@ekainberri.com helbide elektronikora idatzita.