Baldintzak aldatuta berritu du Zestoako Udalak Iraurgi Berritzenekin duen hitzarmena

Mailo Oiarzabal 2020ko maiatzaren 28a

Besteak beste, erdira jaitsiko da datozen bi urteetan udalak Urola Erdiko garapen agentziari egin beharreko diru ekarpena. "Hausnarketa sakon bati ekiteko garaia" dela deritzo Udal Gobernuak,, "Urola Erdiaren garapen integrala helburu, Zestoako Udalak eskualdean izan behar duen lekua eta bere garapena eskualdearenarekin bateragarria izan dadin".

Aurreko udal agintaldian bihurtu zen Zestoa Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziaren kide egonkor, ordura arte agentzia horretan Azkoitiak eta Azpeitiak zuten maila berean. Agintaldi berriarekin, ordea, Zestoako Udal Gobernuak Iraurgi Berritzenekin duen lankidetza hitzarmenaren baldintzak berrikustea eskatu zuen joan den urte amaieran, eta agentziaren administrazio kontseiluak hil honetan onartu du hitzarmen hori berritzea, Zestoako Udalak eskatutako aldaketak onartuz.

Aldaketa agerikoena Zestoak Iraurgi Berritzeni egiten dion diru ekarpenari lotutakoa da. Aurten, aurreko hitzarmenean adostu bezala, biztanle kopuruaren araberako izango da Zestoak garapen agentziari egingo dion ekarpena, Azkoitiaren eta Azpeitiaren ekarpenak ere neurri horren arabera kalkulatzen dira. Horrenbestez, 56.000 euro jarriko ditu aurten Zestoako Udalak Iraurgi Berritzenen. Datozen bi urteetan, ordea, erdira jaitsiko da Zestoaren diru ekarpena, eta 28.000na euro ordaindu beharko ditu udalak 2021ean eta 2022an. Ondoren, 2023ko aurrekontuak onartu aurretik, negoziatuko dituzte berriro lankidetza eta ekarpenak Iraurgi Berritzenen administrazio kontseiluan.

Hausnarketarako tartea

Hamarkadak dira eskualdeetako garapen agentziak martxan jarri zirela, eta eskualde bakoitzeko udalek horien bidez ematen eta garatzen dituzte hainbat zerbitzu eta egitasmo. Mikel Arregi alkateak aitortu du "kritikoa" dela garapen agentziek suposatzen duten erakundetze ereduarekin; Urola Erdian, gainera, alde batean dago garapen agentzia eta beste batean mankomunitatea, eta bikoiztasun horeek "ez dauka zentzurik", Zestoako alkatearen ustez. Garapen agentziak sustatu ordez, "udalak indartu" behar direla deritzo Arregik. Era berean, ordea, onartu du urteekin "indarra hartzen" joan direla garapen agentziak, eta horietan egotea tokatzen zaiela udalei: "Kontu asko bideratzen dira garapen agentzietatik, dirulaguntza batzuk tartean, eta hortik kanpo ezin zara gelditu".

Alkateak esandakoen ildotik doa Zestoako Udalak eskatu eta Iraurgi Berritzenek onartu duen hitzarmenaren berrikuspena. "Hausnarketa sakon bati ekiteko garaia" dela deritzo Udal Gobernuak bere eskaeran, "Urola Erdiaren garapen integrala helburu, Zestoako Udalak eskualdean izan behar duen lekua eta bere garapena eskualdearenarekin bateragarria izan dadin". Izan ere, aurreko agintaldiko Udal Gobernuak Iraurgi Berritzenen Zestoa kide egonkor gisara egotea erabaki zuenean "lankidetza eredu berria hitzartzeak eskatzen zuen hausnarketarik ez" zuela egin uste dute egungo udal arduradunek. "Iraurgi Berritzenek eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinen inguruko hausnarketa propiorik egitera ere ez zen iritsi, eta Zestoak zerbitzu horiek ez dituela behar bezala baliatu uste dugu", diote. "Urola Erdiko hiru herririk nagusienen arteko lankidetza funtsezkoa" dela uste du Zestoako Udalak, "baina beste bi herrien dinamikarekin bateragarria izango den jarduera gauzatu beharrean aurkitzen" dela defendatu du. Horrela, besteak beste, Zestoako hezkuntza, ekonomia eta gizarte eragileak eta herritarrak Iraurgi Berritzenen "behar bezala ordezkatuta egotea ezinbestekoa" da udalarentzat, "garapen agentzian Zestoak
dagokion lekua izan dezan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide