COVID-19 gaitzak behartuta, hondakinen bilketan hainbat aldaketa iragarri zituen Urola Erdiko Mankomunitateak pandemia hasi zenean, eta apurka-apurka bada ere, zerbitzuak koronabirusaren aurreko egoerara egokitzen ari dira. Maiatzaren 6an hainbat zerbitzu berreskuratu zituen mankomunitateak, eta ekainaren 1etik aurrera beste hainbat aldaketa egingo ditu. Hain zuzen ere, datorren astelehenetik aurrera sarbide kontrola ezarriko dute berriro, eta Azpeitiko edukiontziak itxi egingo dituzte; Aizarnazabalgo, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako ekarpen guneak, aldiz, ekainaren 8an itxiko dituzte.