Printzipioz, aldundiak onartua zeukan 2020ko bere aurrekontuan 700.000 euroko diru poltsa bidegorriaren lanak egiteko, eta 2021erako ere bai kreditu bidez beste kopuru bat. Agintaldi hasieran Mugikortasun sailarekin egin genituen bileretan hitzartu bezala, udalak bere gain hartu zuen, proiektu horren barruan, Arroa Beheko semaforizazioa. Horretarako, ia 200.000 euroko inbertsioa egin du jada udalak. Momentuz, aldundiak kontrakorik ez digu esan, eta pentsatu nahi dugu mantenduko duela proiektua. Biribilgunea ere ez dugu uste atzeratuko dutenik.
Ia urtebete joan da kargua hartu zenuenetik, eta orain urtebete inork espero ez zuen birus bat bihurtu da protagonista agintaldiaren lehen urte horren balantzea egiterakoan.
Duela lau hilabete esan izan baligute orain horrela egongo ginela... Baina, hauxe tokatu zaigu. Nahiko gustura ari ginen, gauzak aurrera ateratzen. Sartu orduko aurrekontu parte hartzaileak martxan jartzeari ekin genion. Gure helburuen artean zegoen hori, herritarrengana ahalik eta gehien hurbiltzen saiatzea. Egitasmo batzuekin oso gustura gelditu ginen. 2020ko aurrekontuak ere 2019. urtearen amaieran onartu genituen. Proiektu bat baino gehiago genituen esku artean, etorkizunari begirako proiektu garrantzitsuak. Gero, hau etorri zaigu eta honek baldintzatu du dena, hein handi batean.
Nola ari zarete bizitzen udalean ezohiko azken hilabete hauek?
Hasieran, neurriak hartzea tokatu zitzaigun. Osasun krisi handi baten aurrean geunden, bat-batekoa. Berehala, bai udalaren eraikin publikoak, bai egoitzak, eguneko zentroak eta abarrak itxi genituen. Esan beharra daukat neurri horiek ezartzerakoan udalak nahiko bakarrik egon izan garela, gainerako erakundeak erabakiak hartzen gehiago luzatu direlako. Askotan, erabakiak geuk hartu behar izan ditugu, eta uste dut asmatu dugula. Erabaki batzuk nahiko gogorrak ziren, eguneko zentroak ixtea, esaterako, baina lankidetzan aritu gara egoitzetako arduradunekin, eragileekin; eta gure muga guztiekin eta egoera honek sortu dituen zailtasun guztiak kontuan hartuta, uste dut egoerari aurre egin diogula.
2020ko aurrekontua onartu zenutenean, nabarmendu zenuten gizarte eta kultur arloak indartzeko ahalegin berezia egin zenutela. Orduan ezarritako lehentasunak-eta zertan dira uneotan?
Ezinbestekoa da Zestoa bizitzeko herri duin bat izatea, bertako gazteek eta belaunaldi berriek ere bertan bizitzeko baldintzak edukitzea. Horretarako ezinbestekoak dira gizarte politika publiko egokiak; kultur politika egoki bat ere bai, herriak bizitza izan dezan; eta etxebizitza politika egoki bat. Azken horrekin lotuta, Visesarekin harremanak izan ditugu eta alokairu sozialeko proiektu garrantzitsu baten bueltan genbiltzan lankidetzan; kontu hauek oso luze joaten dira, baina gauza batzuk aurreratuta genituen. Oraingo egoerak hori ere etenda utzi du, baina berrartzea espero dugu. Inportanteena osasuna da, baina egia da krisi honek bigarren zati bat ere ekarriko duela eta ikusi da udalok dagoeneko jaso dugula aurreneko murrizketa ekonomiko garratzitsua. Horrek ere asko baldintzatuko gaitu proiektuak martxan jartzeko garaian, baina lehentasuna zen hori guretzat, ingurumenarekin lotutako beste hainbat proiektu bezala. Plan estrategiko bat osatzea da gure asmoa, eta horren barruan sartzeko lehentasunak markatzen ari ginen, hau iritsi zitzaigunean. Baina hau ere pasatuko da, gaindituko dugu, eta proiektu horiek berrartu beharko dira.
Aldundiak aurreratu du %20 murriztuko duela udalen finantziazioa. Erabaki hori atzera botatzeko eskatu diozue hainbat alkatek.
Foru Ogasunaren erabakia izan da, batetik, aldebakarrekoa; gainera, hau ez da inoiz gertatu izan. Bestetik, eta lehen esan dut, uste dut udalok erakutsi dugula, jendearengandik gertuen gauden erakundeak izanda, jendeari erantzun azkarrena ematen diogula. Beste alkate batzuekin hitz eginda, daukagun sentsazioa da udalak bakarrik utzi gaituztela, eta gauza askori udalek egin behar izan diegula aurre. Dirulaguntzak ere atera ditugu, nahiz eta gure aurrekontua oso mugatua izan, merkatari txikien eta zaintza beharrei erantzuteko. Ahalegin bat egin dugu, agian gure eskumenekoak ez ziren kontuei aurre eginez, eta orain honekin aurkitu gara. Zestoaren kasuan, ia 550.000 euroko murrizketa izango dugu aurrekontuan 2020an, horrek esan nahi duen guztiarekin. Bere aurrekontuaren gainean aldaketarik ez egitearren, udalei zegokien foru funtsaren dirua kendu du aldundiak, eta hori ezin da egin. Alderantzizkoa egin beharko litzateke, hau da, udalen finantziazioa indartu, laguntza herritarrengana ahalik eta erarik eraginkorrenean irits dadin, eta hori eskatu dugu; eta izatekotan ere, urtea bukatu arte itxoitea eta likidazioa egiterakoan kontuak egitea, beti horrela egin izan da. Badakigu zerga bidezko diru-bilketa jaitsi egingo dela, baina gutxienez ondoren negoziatzea eskatzen dugu; eta aurreko krisialdian egin zen bezala, hiru urtera begira eta interesik gabe ordaintzeko erraztasunak ematea udalei. Nik dakidala, ordea, udalen eskaera denak atzera bota dituzte. Beraz, udal guztiak ari gara foru funtsaren murrizketari nola aurre egin aztertzen, eta sekulako zailtasunak dauzkagu.
550.000 euro murrizteak zer eragin dauka zuen aurrekontuan?
Foru funtsetik jasotzen duguna da gure aurrekontuaren erdia ia; orduan, %50 horri %20a kentzea lizateke. Inbertsioetarako 700.000 euro inguru genituen aurreikusita 2020rako; 550.000 kentzeak suposatzen du inbertsioetarako diru guztia baldintzatuta gelditzen dela. Erabaki hau sekulako kolpea izan da.
Hainbat obra atzeratuko dituela ere aurreratu du aldundiak. Zestoan, bidegorria eta Arroa Beheko biribilgunea dituzue agendan. Ba al dakizue bi proiektu horiek zertan diren?
Hirigintza plana edo HAPO berria bukatzea zen esku artean zenuten bestea. Nola dago kontu hori?
Aurrerakinaren fasea amaituta, hasierako onespena eman eta jendaurrean jarrita geneukan, alegazioak jasotzeko. Gure helburua zen agintaldi hau amaitu aurretik behin betiko onarpena ematea. Bagenekien justu ibiliko ginela, erakunde eta agentzia askok dutelako zeresana HAPOan eta horrelako prozesuak asko luzatzen direlako. Egoera honek hori ere etenda utzi digu eta ez dakigu zenbateraino atzeratuko digun prozesua, baina egia da ez dela erraza izango agintaldia amaitu aurretik behin betiko onarpena ematea.
Nolakoa nahiko zenuke izatea datorren normaltasun berria Zestoarentzat?
Gustatuko litzaidake honek halako hausnarketa baterako balio izatea, eta bertan daukaguna gehiago maitatzen hastea. Hemen bizi gara, eta hemen bizi garelako, gure aurrekoek guri utzitakoa guk ondorengoei ahalik eta ondoen uztea betebehar bat da. Ingurumena, ongizatea, elkar laguntzea… balio horiek indartu beharra dagoela uste dut. Hilabete hauetako ekimen batzuk oso baikorrak izan dira, balio horiek benetan agerian gelditu direlako. Egia da, deskonfinamenduarekin, ari garela beste hainbat gauza ere ikusten. Uste dut esperientzia honek balio beharko ligukela mundu hobe bat egiteko, eta horretarako ezinbestekoak dira osasuna eta ingurumena, biak lotuta daudelako.