Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mendizale Federazioak Zestoako Sastarraingo harrobian eskalatzea debekatu egin zuten behin-behinean 2019ko maiatzean. Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sailkatuta dagoen animalia baten presentzia eta haren ugalketarako gunea atzeman zuten aldundiko teknikariek, eta horregatik hartu zuten Sastarrainho harrobian ohikoa den kirol jarduera hori debekatzea. Urte erdirako ezarri zuten orduan debekua, baina orain arte iraun du, azkenean.
Orain, ordea, foru erakundearen teknikariek beste azterketa bat egin ondoren, mehatxatutako animalia espezie haren arrastorik ez dute aurkitu harrobian, eta eskalatzeko debekua altxatzea erabaki dute.
Koronabirusaren krisialdia dela eta, gainontzeko kirol eta bestelako jarduerak bezala, eskalada ere geldirik egon da oraintsu arte. Zestoan, esaterako, udalak aurreratu du kirol instalazio publiko itxiak ez dituztela irekiko ekainaren 8a arte; irekiak edo aire librekoak -ftontoiak, esaterako-, aldiz, aste honetan bertan martxan jartzeko asmotan dira, baina osasun larrialdia dela-eta ezarritako hainbat neurri zehaztuko dituzte aurrena horien erabilerarako. Sastarraingo harrobia, ordea, eremu pribatua da, ez da udalaren menpeko instalazioa. Beraz, printzipioz eskalatzaileek beraiek aurreikusi beharko dituzte hartu beharreko neurriak, gaur egungo egoeran indarrean diren jarraibide eta gomendio orokorrak kontuan hartuta.