Joan den astean 60 urtetik gorako herritarrentzat mila banatu ondoren, bihar hasita beste 500 maskara kirurgiko banatuko dituela iragarri du gaur Zestoako Udalak; oraingo honetan, edozein herritarrek izango du maskara jasotzeko aukera, adin mugarik gabe.
Udaltzaingoaren leihatilara joan beharko dute erabilera bakarreko maskara horiek nahi dituzten herritarrek; bakoitzak bana jaso ahalko du, eta maskarak agortu arte, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara izango da banaketarako ordutegia.
Udalak 4.000 maskara berrerabilgarri ere banatuko ditu herrian, baina horiek noiz banatuko dituzten ez dago momentuz zehaztuta. Maskara horiek egiteko "materialaren zain" jarraitzen duela adierazi du udalak. Jasotakoan, herriko jostunen artean banatuko dute eta horiek josiko dituzte maskarak.
Bihartik aurrera maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da toki publiko itxietan eta kalean ere bai, bi metroko distantzia gorde ezin denean.