Hasi dira maskarak herritarren eskura jartzen Azpeitiko eta Zestoako udalak

Urola Kostako Hitza 2020ko maiatzaren 14a

COVID-19 gaitzaren hedapena saihesteko eta herritarrak gaitz horrengandik babesteko neurrietako bat da maskaren erabilera, eta maskarak herritar guztien eskura jartzea erabaki dute Azpeitiko eta Zestoako udalek.

Maskarak jasotzeko zain jendea ilaran, Azpeitiko plazan jarri duten postuan. (nerea Uranga)

Azpeitian, 15.000 maskara higieniko berrerabilgarri banatuko ditu udalak herritarren artean. Aste honetan hasi dira horietako aurrenak banatzen, udalerrian zehar horretarako jarri dituzten postuetan. Herritar bakoitzak dagokion postuan jaso behar du bere maskara, auzoka antolatu baitute banaketa.

65 urtetik gorakoei lehentasuna eman nahi izan die udalak. Horrela, aste honetan maskarak banatzeko jarri dituzten hiru egunak -atzo, gaur eta bihar- adin horretatik gorako herritarren beren maskarak jasotzeko izendatu zituzten. Atzo, lehen egunean, adineko gehientsuenentzako maskarak banatu zituztela ikusita, ordea, gaurtik aurrera herritar guztientzako ireki dute banaketa.

Herritar bat maskara jasotzen, gaur, Zestoako Arteagan. (Mailo Oiarzabal)

Zestoan ere atzo, gaur eta bihar artean egingo dute maskara banaketa. Kasu honetan, Zestoako Udalak erabilera bakarreko mila maskara banatuko ditu 60 urtetik gorako herritarren artean. Azpeitikoak bezala, Zestoako Udalak ere banatuko ditu maskara berrerabilgarriak, baina horiek aurrerago jarriko dituzte herritar guztien eskura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide