Arroa Beheko Ezkaizto auzo elkarteak bigarren aldiz jarraian antolatu du aurten ipuin lehiaketa, eta dagoeneko jakinarazi dute zein diren aurtengo irabazleak. Joseba Ossa eta Dani Aizpurua itzultzaileak nahiz Jone Carbonell irakaslea izan dira aurtengo epaileak, eta guztira, 24 ipuin jaso dituzte.
LH1 eta 2 mailetako sariduna Jare Rodriguez izan da, Mundu magikoa ipuinarekin. Epaimahaiak adierazi duenez, Rodriguezek "bikain" uztartu ditu "sinpletasuna eta laburtasuna" bere ipuinean, baita "irudimenezko elementuak" eta errealitatea ere.
LH 3 eta 4 mailen kategorian, Julen Doñelfa nagusitu da. Liburu magikoa deituriko ipuina idatzi du Doñelfak, eta epaimahaiak nabarmendu duenez "kontakizun aberatsa" da arroarrarena. Idazleak intriga eta "denboran jauziak" erabiliz, istorioa "ondo josi" duela azaldu dute.
LH 5 eta 6 mailetako irabazlea, berriz, Maria Iribar izan da, Ipuinen zaindaria lanarekin. Epaimahaiak nabarmendu duenez, "ipuin landua" da Iribarrena, eta azpimarratu dute "literaturaren eta irudimenaren aldarria" egiten duela hark bere ipuinean.
Irabazleez gain, epaimahaiak June Garziaren June galduta, Rayan Benslaimanen Aminen eta Solaimanen abenturak eta Aner Rodriguezen Etxe misteriotsua lanak goraipatu ditu.
Ipuinak, irakurgai
Antolakuntzako kideek eskerrak eman dizkie ipuin lehiaketan parte hartu duten herritarrei, eta haur eta gaztetxoak liburuak irakurtzera eta istorioak idaztera gonbidatu dituzte. Bestalde, adierazi dute COVID-19 gaitza dela-eta aurtengoan ez dela sari banaketa publikorik egingo, baina saridunek liburu sorta bana jasoko dutela nabarmendu dute. Horrez gain, honako lotura honetan jarri dituzte irakurgai lehiaketara aurkeztu diren ipuin guztiak.