Liburuak maileguan ematen hasiko da berriro Zestoako liburutegia bihartik aurrera

Urola Kostako Hitza 2020ko maiatzaren 12a

Ez ditu ateak irekiko, baina erabiltzaileek posta elektronikoz edo telefonoz eskatu ahal izango dituzte liburuak eta DVDak, eta haien bila joan, liburuzainarekin noiz adostuta.

"Era mugatuan eta koronabirusak eragindako egoerara egokituta", baina zerbitzua martxan jarriko dute bihartik aurrera Zestoako Udal Liburutegian. Hain zuzen ere, liburuak eta DVDak maileguan ematen hasiko da berriro bihartik liburutegia. Ez ditu ateak irekiko, baina erabiltzaileek posta elektronikoz edo telefonoz eskatu ahal izango dituzte liburuak eta DVDak, eta haien bila joan, liburuzainarekin noiz adostuta.

Zestoako Udal Liburutegiko katalogoa Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean kontsulta daiteke, baina telefono bidezko arreta ere emango diote liburutegian "Internetek eskaintzen dituen baliabideak erabiltzeko zailtasunak dituenari". Maileguan eskatu nahi dena aukeratu ondoren, eskaerak posta elektroniko bidez egiteko liburutegiazestoa@yahoo.es helbidera mezu bat bidali beharko da, erabiltzailearen izen-abizenak, NAN zenbakia eta nahi den liburuaren izenburua adieraziz. Maileguak telefonoz ere eskatu ahal izango dira, 16:00etatik 20:00etara, 943-14 78 16 telefonora deituta.

Liburuzainarekin hitzordua adostuta, liburutegiko sarreran jasoko du erabiltzaileak eskaturiko liburua. Maileguak itzultzeko, berriz, liburutegia itxi aurretik liburuak sarreran jarriko den kaxan utzi beharko dira, liburuzainari jakinaraziz. Kaxa horretara itzultzen diren liburuak katalogotik kanpo egongo dira hamabost egunez; eta ondoren, berrogeialdia pasatuta, katalogora itzuli eta mailegagarri izango dira berriro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide