Zestoako Udalak erabilera bakarreko 1.000 maskara banatuko ditu 60 urtetik gorako herritarren artean

Urola Kostako Hitza 2020ko maiatzaren 12a

Bihar, asteazkena, hasiko da banaketa egiten, auzoz auzo. Aurrerago, beste 4.000 maskara berrerabilgarri banatuko ditu, horiek herritar guztien artean.

Zestoako Udalak erabilera bakarreko 1.000 maskara banatuko ditu 60 urtetik gorako herritarren artean. Bihar, asteazkena, hasiko da banaketa egiten, auzoz auzo, eta Udaltzaingoa arduratuko da banaketa egiteaz. Honako leku eta orduetan banatuko dituzte maskarak:

  • Arroabean, plazan: asteazkenean 10:00etatik 12:00etara.
  • Zestoan, Udaltzaingoan: asteazkenean 17:00etatik 19:00etara.
  • Iraetan, pilotalekuan: ostegunean 10:00etatik 11:00etara.
  • Arroagoian, Herri Elkartearen ondoan: ostegunean 11:00etatik 12:30era.
  • Zestoan, Arteaga auzunean: ostegunean 17:00etatik 19:00etara.
  • Aizarnan, plazan: ostiralean 9:30etik 11:00etara.
  • Lasaon, Herri Elkartearen ondoan: ostiralean 11:30etik 12:30era.
  • Zestoan, Idiazpi auzuneko ekarpen gunean: ostiralean 17:00etatik 19:00etara.

Zestoako Udalak jakinarazi du maskara jasotzera norberak joan beharko duela. Norbaitek ezingo balu, udaletxera deitu beharko du (943-147 010) bere ordez maskara bila nor joango den adierazteko.

Aurrerago, "kalitate altuko" beste 4.000 maskara berrerabilgarri ere banatuko ditu udalak, herritar guztien artean. Horiek egiteko materiala "epe motzean" jasotzea espero du udalak, eta ondoren herriko jostunen artean banatuko du, maskarak haiek egin ditzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide