"Honek luzerako joko duen itxura guztia dauka", dio Mikel Arregi Zestoako alkateak koronabirusaren krisiaz. Hori kontuan hartuta, eta deskonfinamendua arintzen doan heinean azken asteetako urruntze soziala jaisten joango dela ahaztu gabe, ahal duen neurrian birusarengandik babesteko tresnak herritarren eskura jartzea erabaki du Zestoako Udalak.
Horrela, 4.000 maskara berrerabilgarri egiteko materiala erosi du udalak, "kalitate altukoa". Material hori "epe motzean" jasotzea espero dute, eta ondoren herriko jostunen artean banatuko dute, maskarak haiek egin ditzaten. "Hainbat jostunekin hitz egin genuen eta beraiek arduratu ziren jostunen sarea osatzeaz", azaldu du Arregik. Horrela, momentuz hogei jostun dira maskarak egiteko prest azaldu direnak.
Horiez gain, Eudelek beste 700 maskara bidaliko ditu Zestoara, eta horiek ere herritarren eskura jarriko ditu udalak. Udalaren ekimenez herrian josiko dituztenak ez bezala, Eudelek banatuko dituen maskarak kirurgikoak dira, eta ez dira berez berrerabilgarriak.
Maskarak egin edota iritsi ahala zehaztuko du udalak herritarren artean noiz eta nola banatuko dituen.