Aurtengo Eskola Txikien Festaren antolaketa lanak etetea erabaki dute Aizarnako Herri Eskolakoek. Ekainaren 14an zen festa ospatzekoa Aizarnan, baina koronabirusaren pandemiak eragindako osasun larrialdiak "arduraz" jokatzera behartu ditu festaren antolatzaileak, eta erabaki "zentzudunena eta onena" festa antolatzeko lanak etetea iruditu zaie. Aurtengoa ez da egingo, baina datorren urteko Eskola Txikien Festa Aizarnan antolatuko dute, 2021eko ekainaren 13an ospatuko dute. "Hitzordu horretarako krisi hau gainditzeko ahaleginean jarraituko dugu guztiok", esan dute Aizarnako Eskola Txikien Festaren antolatzaileek.
"2019-2020 ikasturtearen azken zatia erabat ezohikoa bihurtu zaigu COVID-19 gaitzak sortu duen pandemiak eragindako osasun larrialdia dela eta. Konfinamenduan egon gara, eta gaude oraindik orain, nahiz eta lehen neurri aringarriak martxan jarrita diren. Egoera honek, eta gure ardura pertsonal zein kolektiboak, arduraz jokatzera eraman gaitu eta Eskola Txikien Festaren inguruan ere erabakiak hartu behar izan ditugu", azaldu dute Eskola Txikien Festaren antolatzaileek.