Kale hutsak danbor hotsez bete dituzte Zestoan

Urola Kostako Hitza 2020ko maiatzaren 3a

Beti bezala ezin, koronabirusa eta konfinamendua lege, baina santakutzak ospatzen asmatu dute aurten ere Zestoan. Festak bertan behera gelditu badira ere, atzo, Santa Kutz bezpera, urtero legez danbor hotsak nagusi izan ziren herrian. Kaleak hustuta, etxeetako leihoak eta balkoiak festaz bete zituzten zestoarrek.

Egunean zehar nabaria zen festa usaina. Askok apaindu zituzten etxaurreak, danborradako jantziekin, banderekin eta bestelako apaingarriekin etxeak eta kaleak kolorez betez. Eta gauean, maiatzaren 2ko helduen danborrada egitekoa zen ordua iritsi zenean, batzuk danborrak eta besteak etxeko tresnak perkusio gailu bihurtuta, danborradaren piezak jo zituzten. Bideoan ikusi eta entzun daiteke atzo gaueko festaren lagin txiki bat.

Eta gaur berriro itzuliko dira herritarrak leihoetara eta balkoietara. Santa Kutz eguna da gaur, umeen danborradaren eguna, alegia, eta 18:00etatik aurrera danbor hotsek eta festa giroak hartuko dituzte Zestoako etxeak.

Hemen, argazkietan, atzoko egunez Zestoako leiho, balkoi eta etxeek erakusten zuten itxura:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide