Iraetako baratzeetara egunero joan ahalko dira erabiltzaileak astelehenetik aurrera

Urola Kostako Hitza 2020ko maiatzaren 1a

Baratze parkeko etxola irekitzea baimenduko du Zestoako Udalak, baina tresna komunitarioak erabiltzeko hainbat arau zehaztu du. Bestetik, bihar Gurutzean argiak eta udaletxean banderak jarriko ditu udalak, balkoietan ospatu beharko dituzten santakutzei bere ekarpena eginez.

Bihartik aurrera kirola egitera eta paseoak ematera irteteko aukera izango dela eta, 5.000 biztanletik beherako udalerria den aldetik dagozkion argibideak eta jarraibideak eman nahi izan dizkie Zestoako Udalak herritarrei. "Hogei egun igaro dira Zestoan azken koronabirus kasua erregistratu zenetik. Bide onean goaz, zalantzarik gabe, baina inondik ere ezin gara erlaxatu. Gaitzak oraindik ere gure artean jarraitzen du eta oso garrantzitsua da prebentzio neurri guztiak errespetatzen jarraitzea, hori baita kutsatze arrisku berriak ekiditeko biderik eraginkorrena", ekarri du gogora udalak. Udalerriko mapak ere eskura jarri ditu webgunean, herritarrek irteeren distantziak kalkula ditzaten.

Horiez gain, Iraetako baratze parkearen erabiltzaileei eragingo dien aldaketaren berri ere eman du udalak. Hain zuzen ere, "aurreko asteetan erabiltzaileen gutxieneko pilatzerik eman ez dela ikusita", astelehenetik aurrera baratzeetako erabiltzaileek egunero joan ahal izango dute Iraetako baratze parkera. Martxo erdialdean alarma egoera ezarri zutenetik itxita egon ostean, apirilaren 20an ireki zuten berriro Iraetako baratze parkea, baina beste hainbat baldintzaren artean, erabiltzaileek egutegi eta ordutegi jakinak zituzten baratzeetan lan egin ahal izateko. Hori aldatuko da astelehenean, eta gainera, parkeko etxola ere irekita izango da egun horretatik aurrera, orain arte ez bezala. Tresna komunitarioak erabiltzeko hainbat neurri eta baldintza ezarri ditu udalak: erabiltzaile bakoitzak erabili ondoren tresnak desinfektatu beharko ditu eta horretarako, likido desinfektatzailea eta eskularruak erabili beharko dituzte. Norberak bere tresnak erabiltzen jarraitzea da, hori bai, udalaren gomendio nagusia.

Ez ohiko santakutzei keinua

Bihar eta etzi, aurten kalean eta ohi bezala ospatu ezingo dituzten santakutzak balkoietan ospatuko dituzte zestoarrek, hainbat herritarren ekimenari esker.

Herritar horien ekimena eskertu du udalak, eta ahalegin horri keinu eginez bere aletxoa jarriko duela aurreratu du, Gurutzean argiak eta udaletxean banderak jarriz, "urtero bezala".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide