Covid-19 gaitzaren ondorioz ezarritako alerta egoerak eragindako kalteak arintzeko diru laguntzak emateko urgentziazko deialdia egin du Zestoako Udalak. Alarma egoeraren ondorioz, jarduera ekonomikoa eteteak hainbat kalte ekonomiko eragin dizkie herritarrei, familiei edota ostalaritza eta komertzio txikiei. Horiei laguntzeko asmoarekin 50.000 euroko diru laguntza lerroa onartu du Zestoako Udalak, eta dagoeneko laguntzak eskatzeko epea ere zabaldu du. Diru laguntza lerroak bi zati izango ditu: 30.000 euro merkatari txikiei laguntzeko bideratuko dituzte eta 20.000 euro familiei eta norbanakoei laguntzeko.
Herriko dendariei edota ostalariei zuzendutako laguntzen kasuan, laguntza 400 eurokoa izango da, beti ere establezimendu bakoitzaren jardunaren etetea hilabetekoa dela erreferentziatzat hartuz. "Halaber, 100 euroko gehigarria izango dute %100eko lan jardunaldian duten langile bakoitzeko. Lanaldi partzialean duten langile bakoitzeko, berriz, gehigarria era proportzionalean jasoko dute", azaldu du Zestoako Udalak.
Zaintzari lotutakoak
Norbanakoei eta familiei zuzendutako diru laguntzen kasuan, 0-12 urte bitarteko haurren zaintzarako edota mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzarako egindako kontratazioak diruz lagunduko ditu udalak. Familia unitate bakoitzeko zaintzarako kontratazio bat hilabeteko 400 eurorekin lagunduko du udalak. Lanaldi murriztuan kontratatutakoen kasuan, lanaldiaren arabera murriztua izango da diru laguntza. Laguntza eskaera egiteko orduan zaintza eremuari dagokion eta indarrean dagoen Lan Hitzarmena bete izana ziurtatu beharko dute udalean eskatzaileek.
Adingabeak edota mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko soldatarik gabeko baimen eskaerak eta antzekoek sortutako kalteak arintzeko laguntzak ere emango ditu Zestoako Udalak. Kasu honetan, 400 eurokoa izango da laguntza zaintzarako lan jardunaldi osoko murrizketa eskatu dutenentzat, "beti ere hilabeteko epea eta bizikidetza unitate bakoitzeko bat erreferentzia gisa hartuz", zehaztu du herri erakundeak.
Diru laguntza eskaera Internetez
Diru laguntza eskatzeko epea zabalik dagoela eta maiatzaren 19ra bitartekoa dela adierazi du Zestoako Udalak.
Diru laguntza eskaerak Internetez egin beharko dira, udalak prestatuko inprimaki bat beteta eta errolda@zestoa.eus helbide elektronikora bidalita. Laguntzen baldintzak, eskaera egiteko aurkeztu beharreko ziurtagirien zerrendaren informazioa eta eskaera inprimakia Zestoako Udalaren webgunean eskuratu daitezke: zestoa.eus atarian, Tramiteak atalean.