Santakutzak balkoietan ospatzeko prestatzen ari dira Zestoan

Urola Kostako Hitza 2020ko apirilaren 29a

Herriko kale batzuetan Santa Kutz bezperako helduen danborrada zein eguneko haurrena etxeetan egingo dituzte. Gaur bertan entsegurako deia egin dute, 20:15ean hasita.

Zestoan ohiko Santa Kutz jaiak ospatu gabe geldituko dira aurten, ezinbestean, koronabirusak eragindako larrialdi egoera dela eta. Igandean, maiatzak 3, da Santa Kutz, eta asteburu honetan ospatu behar zituzten festak eta horien ardatz diren danborradak zestoarrek, kalean, baina ez da posible izango. Hala ere, danbor hotsik eta danborradako doinurik ez da faltako larunbatean eta igandean Zestoako hainbat txokotan, hainbat herritarrek sustatuta zenbait kale eta auzotako bizilagunek festa balkoietan eta leihoetan ospatzea erabaki baitute.

Hain zuzen ere, eta azken egunetan beste batzuk gehitzea baztertu gabe, Pio Baroja eta Lizentziadoneko plazan ari dira prestatzen etxeetan danborradak egiteko. Larunbatean, bezperako danborradaren egunean, 20:00etan joko dituzte lehen aldiz danborrak, ordu horretako eguneroko txaloen ordez. Gauean, berriz, berezko danborradaren hasierako orduan (22:30), Gurutzeko geldialdiaren orduan (23:15) eta gauerdian, taldeek plazan herriko plazan danborrada amaitzeko jotzen duten orduan, Zestoako danborradaren pieza guztiak joko dituzte. Igandean, umeen danborradarekin beste horrenbeste egin asmo dute, 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean.

Balkoietako festa prestatzeko, gaurko deitu dituzte bizilagunak entseatzera, 20:15ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide