Umeek hilabete baino gehiago daramate itxialdian, baina horren aurrean, Nerea Mendizabal (Zestoa, 1976) psikopedagogoaren mezua ez da muturrekoa. Egoera honek gabezia batzuk sor ditzakeela onartu arren, helduek egoerari aurre egiteko modua iruditzen zaio garrantzitsuena harremanetan aditua den zestoarrari.
Historia hurbilean aurreneko aldiz ezarri da itxialdia haur eta helduentzat. Teoriak edo teoriek zer diote umeen konfinamenduak garapenean duen eraginaz?
Ez ditut teoriak ikertu, baina oraintxe bertan muturreko esperientzia errealak datozkit burura.
Esaterako?
Hainbat umezurtztegitan asistentzialki zainduak egonagatik beste oinarrizko behar batzuk ez edukitzeak eragindakoak; denbora luzez gizartetik kanpo utzi direnak; bahiketa luze batean egon direnak; presoak inkomunikatuta egotearen ondorioak... Egoera edo gertaera horien eraginak ezagutzen ditut, baina ez konfinamenduarenak. Guk mugak ditugu eta luze joan daiteke egoera hau, baina orain zaintzea izan ditugun arloak [psikologikoak eta emozionalak] ahal dugun moduan zaintzen ari gara eta ezin ditugunak, espero dut aurrerago konpensatu ahalko direla.
Zuzena da pentsatzea gehien ume txikienei eragingo dietela muga hauek? 3 urte artekoei, adibidez?
Eragina neurtzeko orduan adina bada faktoreetako bat, baina ez da bakarra. 1-3 urte artekoen kasuan, gertatzen dena ulertzeko zailtasuna izan dezakete. Haur handiago batek gehiago uler dezake, baina beste behar batzuk izan ditzake. Haurtzaroan, garrantzitsuena gurasoen presentzia eta horien disponibilitatea da. Gainera, adina alde batera utzita, haur batek eta beste batek behar desberdinak izan ditzakete, eta egoera desberdinak bizi.
Beste zer ezaugarri hartu behar dira kontuan?
Erabakiorra izango da gurasoek egoera hau bizitzeko duten modua. Ikusi beharko da gurasoek gainezka egin duten ala ez; seme-alaba bakarra dagoen ala gehiago; heldu bakarra ala gehiago dauden etxean... Ez dago familia, haur edo heldu bat beste baten berdina denik.
Gurasoek zer hartu beharko lukete kontuan?
Haurren adinak eman diezaguke pistaren bat ebolutiboki behar izan dezakeenaz, baina haurrak momentuan bizitzen ari direna entzun behar lukete gurasoek, eta ahal dugun neurrian horri erantzun. Horrek lagunduko luke konfinamenduaren eragina zaintzen.
Entzun izan dizut umearen jokaera aldatu nahi bada, gurasoak aldatu behar duela zerbait bere jokaeran. Egoera honetan, batez ere zer ez dute egin behar gurasoek?
Tira, gure indarrak umeen jokaerak aldatzen saiatzea baino eraginkorragoa ikusten dut konexio edo lotura bilatu nahi izatea. Hala, aldaketak etorri behar badu, lehenago etorriko da. Izan ere, sarritan, jokaera aldatu nahi izateak, erresistentzia gehiago sortu ohi du. Ez da nire estiloa gurasoei esatea zer egin behar duten edo zer ez. Nik dakidana da, orokorrean gurasook geurekiko eta besteekiko ditugun espektatibak izugarrizko exijentziara eramaten gaituztela, eta hori arintzeak lagunduko ligukeela; bai geuri, bai geure seme-alabei.
Esan ohi da umeak egoera guztietara ohitzen direla erraz antzera. Gurasoentzat zailagoa izaten ari da itxialdia?
Bai, orokorrean gurasoekin izaten ari naizen kontaktuetan hori jaso dut; esaten didate uste zutena baino hobeto daramatela haurrek, kontuan hartuta zein garrantzitsuak diren beraientzat jolasa, lagunak, mugimendu askea, hustutzea... Askok komentatzen dute, orain dela hilabete eta erdi esan izan baliete horrela egon beharko genuela, haurrek ez luketela aguantatuko esango genukeela.
Batzuk diote egoera hau traumatikoa dela umeentzat. Horrenbesterako da, orokorrean?
Haurrentzat garrantzitsuena da erreferentzia segurua edukitzea. Haurrak gurasoekin daude, beraien espazio seguruan daude. Egoera konplexuan eta muga askorekin baldin bagaude ere, ezin dut esan horregatik traumatikoa denik. Aldi berean, egoera honen aurrean hartzen dugun jarrerak eta geuk ipintzen ditugun gehigarriek arindu edo zailduko dute bizitzen ari direna.
Hilabete eta erdiz etxetik atera gabe egon ondoren, igandetik aurrera ordubetez kalera irtetea edukiko dute haurrek. Muga eta debeku asko ezarri dituzte, eta beraz, trantsizio hori nola azaldu behar zaie umeei?
Haurrek hitz egiten dutena baino gehiago ulertzen dute, eta batez ere, gure hitzetan baino hitz horien atzean dagoen gure energia da ulertzen dutena. Dena den, ulertzen ez dutenean, horrek sorrarazten dien frustrazio edo inpotentzia hori baimentzea eta laguntzea izango litzateke gure erronkarik inportanteena, gure hitzak uler ditzaten ahalegintzea baino gehiago.
Gurasoek zer galdera edo kezka helarazi dizkizute azken asteetan?
Eskolako lanen inguruan, nola izan pazientzia, nola egin aurre urduritasun eta haserreari… Katastrofeak gertatzen direnean lehentasunak jarri behar dira. Guraso batzuk eskolako lanak egitearekin gaindituta ikusi ditut azken egunetan. Pena ematen dit eskolako kontuek etxeko giroa zapuztea eta seme-alabekin dugun harremanean zauriak eraikitzea. Badakigu honek guztiak eragina izango duela ekonomian, osasunean, heriotzetan. Beraz, lagunduko liguke onartzeak eskolako eduki eta helburu akademikoetan ere eragina izango duela. Eskolak bizitzarako prestatu nahi bagaitu, hau da bizitza eta, beraz, hemen gauza asko gertatzen ari dira ikasgai bihurtu daitezkeenak; nire ustez, hiruhilabeteko honetan eskolan ikasiko lituzketen edozein materia baino garrantzitsuagoak.
Zuretzat zertan jarri behar genuke arreta orain?
Seme-alaben emozioak eta geureak sentitzen, baimentzen egon behar genuke; horiek entzuteak ere nahiko lan ematen digute. Nahiak, itxaropenak, exijentziak… Osagai ugari ditugu egunerokotasunean, eta krisialdi honek are ageriagoan jarri dizkigu horiek denak.
Zer ideia azpimarratuko zenuke?
Ez gaudela nazien kontzentrazio eremu batean. Oraintxe bertan gehientsuenok berdintzen gaituena da irten gabe egon behar dugula; baina egonaldi hau nola eraman, horrek desberdindu gaitzake. Hainbat gauza ez daude gure esku, ezin ditugu aukeratu, baina aukera dezakegu zer egin nahi dugun gertatzen ari denarekin eta sentitzen ari garenarekin. Etxean egon behar izateaz kexa naiteke, hartu diren neurriak eta hartu dituztenak kritikatzen pasa dezaket denbora. Edo, bestela, nire atentzio guztia jar dezaket egoera honetatik atera nahi dudan ikasgaiaz hausnartzen. Gertatzen ari denarekin, bizitzen ari zarenarekin, zer ari zara ikasten? Geldi egoteak, nor bere haitzuloan sartzeak, balio dezala indartuta irteteko. Eta ez bada hala, lasai,