Igandetik aurrera, 14 urtetik beherako haur eta gaztetxoei egunean ordubetez kalera irteteko aukera emango die Espainiako Gobernuak. Egunean behin irten ahal izango dira, 09:00etatik 21:00etara bitartean, eta etxe berean bizi den guraso edo anai-arreba zaharrago batek lagunduta, segurtasun tarteak mantenduta eta higiene neurriak hartuta. Irteera horien harira, Zestoako Udalak hainbat gomendio eman dizkie herritarrei.
Ohar batean jakinarazi duenez, haurrek jostailuak atera ahal izango dituzte kalera, baina ezingo dira herriko jolas parkeetan eta kirol eraikuntza publikoetan jolasean ibili, eta urruntze neurriak "zorrotz" bete beharko dituzte. "Umeek COVID-19a hartzeko erraztasun berezia dutenez, umeen pilatzea saihestu egin behar da". Horrez gain, irteera horiek etxetik kilometro batera arteko distantzian egiteko Espainiako Gobernuak emandako aginduko betetzeko eskatu du, eta herrigunean bizi diren umeak zein eremutan ibili gomendatu du; hain zuzen ere, herrigunea eta Bainuetxearen artean, herrigunea eta Sastarrain artean, eta herrigunetik Iraeta arteko bidegorrian. Gogorarazi du auzoetako umeek ere etxetik kilometro batera arteko erradioan ibili beharko dutela eta gainerako arau guztiak errespetatu beharko dituztela.
Bukatzeko, Zestoako Udalak "bereziki" eskerrak eman dizkie herriko gurasoei eta haurrei orain arte izan duten pazientziagatik, eta eskatu die hemendik aurrera ere ezarritako neurriak zorrotz betetzen jarraitzeko.