Itsasgizona

Julen Arrazola: "Norberak bere buruarekin bakarrik egoten jakin behar du"

Ihintza Elustondo 2020ko apirilaren 21a

Bi hilabete eta erdi itsasoan, beste horrenbeste lehorrean. Horrela igarotzen du urtea Arrazolak. Lehen mailako ofiziala da gas naturala garraiatzen duen ontzi batean. Orduak ematen ditu urari begira.

Lehorrekoa izanagatik, itsasoarekiko lotura estua izan du betidanik Julen Arrazolak (Zestoa, 1985). "Gurasoek itsasontzi bat zuten Getarian, eta han pasatzen nituen udak haurra nintzenean. Nire aitaren aitona kapitaina zen, eta nire amaren aitak egurrezko itsasontzi txiki batzuk egiten zituen". Bide hori urratu du Arrazolak ere: lehen mailako ofiziala da gasontzi batean –kapitainaren ondoren, ardura handiena duen pertsona–. Gutxi gorabehera, urtean sei hilabete ematen ditu itsasoan, lurrik zapaldu gabe. Zerbait badaki, beraz, konfinamenduaz. Ezohiko egoera dela eta, lehorrean dago orain, baina dena ondo badoa, ostiralean itsasoratuko da.

Itsasoan zaudenean, bi hilabete eta erdi egon ohi zara ontzitik jaitsi gabe. Ez al zaizu gogorra egiten?

Sekula ez zait egin gogorra: entretenimenduak aurkitu izan ditut denbora librerako. Badauzkat lankideak ezin dutenak aguantatu hainbeste denbora lurrera jaitsi gabe, baina nik beti izan dut horretarako erraztasuna. Egoera berrietara egokitzen naiz. Ez dakit ni horrelakoa naizelako edo erabiltzen ditudan tresna psikologikoek balio didatelako ote den.

Zer tresna psikologiko baliatzen dituzu?

Oso garrantzitsua da errutina batzuk hartzea. Baina errutina horien barruan, asteburuak zerbait bereziagoa egiteko gordetzea komeni da, ilusio horrekin bizitzeko eta denbora aurrera doala ikusteko. Ingurukoekin egotea ere lagungarria da: 26 lagun bizi gara itsasontzian; hamahiru filipinarrak dira, eta gainontzekoak espainiarrak. Sesioak sor daitezke gure artean, ez bakarrik kultura talkak sortzen direlako, baizik eta bakoitza den modukoa delako. Baina umore txarrak aguantatzea tokatzen da.

Denbora asko elkarrekin egonda, bakoitzaren onena eta txarrena aterako da...

Bai, eta egoera horietarako prest egon behar da. Baina ez da dena txarrera hartu behar, ikuspuntu irekiagoa izaten eta ahal den lasaiena egoten saiatzen naiz.

Agian, gauzei ez zaie hainbeste garrantzi eman behar?

Hori da. Askotan zaila izaten da; izan ere, halako leku txiki batean hainbeste denboran egonda, gauzak handiago bilakatzen dira. Halakoetan, erlatibizatzen jakin behar da. Bizitzako edozein lekutan eta egoeratan jakin behar da hori, baina bereziki, horrelako egoeretan.

Denbora librean, zer egiten duzu itsasontzian?

Gimnasiora joan; horrek laguntzen du hormonak-eta pixka bat mugitzen eta lasaiago sentitzen. Gainera, saiatzen naiz lankide-lagunekin denboralditxo bat pasatzen: baten kamarotean elkartzen gara edo film nahiz telesail bat ikusten dugu egongelan. Eguraldi ona egiten duenetan, eguzkia hartzea gustatzen zait. Era berean, ez isolatzen saiatzen naiz. Orain etxean egin dezakegun bezala, gertukoekin harremana mantentzen saiatzen naiz telefonoz.

Inportantea da sozializatzea?
Bai, baina hori baino inportanteagoa da norberak bere buruarekin nahikoa izatea. Oso ondo etortzen da beste jendearekin egotea, baina aurrena norberak bere buruarekin bakarrik egoten jakin egin behar du. Hainbat ekintza bakarrik egiteko gai izan behar gara: gimnasia, irakurri, kamarotean egon... Norbere kontura egoten jakitea ezinbestekoa da, buruari bueltak ematen aritu gabe eta garrantzirik ez daukaten gauzei behar baino garrantzi handiagoa eman gabe.

Konfinamenduko gauzarik zailena horixe: norbera bere buruarekin ahal den ondoena konpontzea. Horretan asmatzen ez duen jendeari zer aholku emango zenioke?

Horretarako beti izan dut erraztasuna, eta ez dakit naturalki ateratzen zaidan edo landu dudan zerbait den. Zoriontsu izateko, lehenik, geure burua den bezala onartzen ikasi behar dugu; eta, gainera, inguru aberatsa baldin badaukagu, are hobeto. Niretzako bizitza ulertzeko modu naturala hori da. Nik horrela bizi dut, eta ez zait iruditzen ezer berezia egiten dudanik. Horregatik, zaila egiten zait ingurukoei aholkuak ematea.

Guardiako txanda egitea tokatzen zaizunean, lau ordu egoten zara itsasora begira, geldirik, ezer egin gabe.

Egunean zortzi ordu egon behar izaten dut horrela. Lau orduko bi guardia egiten ditut egunean, eta ordu horiek izaten dira ezer ez egiteko denbora gehien izaten dudanak. Egoera horretan, asko laguntzen dit etxekoekin gogoratzeak. Baina ez dut pentsatzen zenbat sumatzen ditudan faltan; horretan zentratu beharrean, konfinamendua bukatzen denerako ilusioetan jartzen dut arreta: planak egiten ditut, esaterako. Asko egoten naiz pentsatzen etorkizunerako ilusioen inguruan, eta aurretik ere horietaz pixka bat disfrutatzen dut.

Itsasoari begira zeunden horietakoren batean, sekula ez al duzu behea jo?

Ez. Egia esan, ez naiz oso gorabeheratsua. Zorionez, ez ditut izan bizitzan tragedia handiak. Orain dela urte batzuk, itsasoan nengoela, oso lagun mina nuen pertsona bat hil zen, eta kanpaina hura oso gogorra egin zitzaidan. Baina dolu hori ere ahal nuen ondoen kudeatzen saiatu nintzen. Gauza berean zentratu nintzen orduan ere: etxera joandakoan, laguna ahal nuen ondoen agurtuko nuela pentsatzen nuen.

Bi hilabete eta erdi eta gero, zer sentitzen da etxera itzultzean?

Sekulako zoriona. Nazionalitate askotako itsasgizonekin eta andreekin egon naiz, eta denok esaten dugu gauza bera: bizitzako egunik onena dela hori.

Hori sentituko du gizarteak konfinamendua bukatzean?

Uste dut baietz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide