Baratze ez profesionaletako erabiltzaileek askatasun gehixeago dute apirilaren 15az geroztik, Eusko Jaurlaritzak baratzeen erabilera irizpideetan zenbait aldaketa egin dituelako. Baratzetik bizi diren profesionalek bazuten haietan lan egiteko aukera, baina bestelako baratzeak dituztenek ez. Bazuten baratzera joatea, baina uzta jasotzera eta gutxieneko mantetze lanak egitera bakarrik. Irizpide aldaketari esker, ordea, baratzeak prestatu eta ereiteko aukera ere izango dute aurrerantzean. Ildo horretatik, Iraetako baratze parkea irekitzea erabaki du Zestoako Udalak, baina baldintza batzuekin.
Aste honetan, bihar, ostegunean eta larunbatean zabalduko ditu baratze parkeko ateak, eta pilaketak sahiesteko, bi txanda antolatu ditu. Bihar eta larunbat goizean, zenbaki bakoitia duten baratzeetako erabiltzaileak joan ahalko dira lanera, 10:00etatik 12:00etara, eta arratsaldean, zenbaki bikoitidun baratzeen jabeek, 17:00etatik 19:00etara. Ostegunean, txandak alderantziz izango dira. Eta gainontzeko egunetan ezingo dute baratze parkera joan.
Horiez gain, beste hainbat arau ere bete beharko dituzte baratze parkeko erabiltzaileek: etxola itxita egongo denez, ezingo dute hango materialik erabili; bakoitzak bere tresnak eraman beharko ditu eta ezingo ditu besteekin partekatu; beste erabiltzaileekiko gutxienez bi metroko tartea gorde beharko dute; eskuak maiz garbitu beharko dituzte; lanak egiteko behar duten denbora bakarrik pasatu ahalko dute parkean; bakarrik joango beharko dute lanera eta baimena aurkeztu beharko dute erabiltzaile izaera justifikatzeko; erabiltzaile bakoitzak bere segurtasuna zaindu beharko du eta baita parkeko gainerako erabiltzaileena ere; eta jarritako arauak betetzen direla kontrolatuko du udalak, udaltzainez bidez.
Zestoako Udalak jakinarazi du astero berrikusiko dituela Iraetako baratze parkea erabiltzeko arauak.