Forjas Iraetako langileek ez dituzte baimen berreskuragarriari dagozkion ordu guztiak errekuperatuko

Julene Frantzesena 2020ko apirilaren 20a

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, orduen %66 egin beharko dituzte langileek, eta gainerako orduak enpresak hartuko ditu bere gain. Sindikatuak azaldu du "bidezkoa" dela ordu guztiak ez errekuperatzea, koronabirusak sortutako aparteko egoera ez delako langileen erantzukizuna.

Bi astez, jarduera ekonomikoa etenda izan ostean, asko dira lana aldi baterako erregulatzeko txostena aplikatuta bada ere, ohiko jardunera itzultzen ari diren lantegiak. Asko izan ziren martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean itxitako enpresak; izan ere, Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez ziren ekonomia jarduera oro bertan behera uztea agindu zuen, 10/2020 dekretuaren bidez.

Dekretu hori tarteko, baimen berreskuragarria jaso zuten behargin ugarik, eta dekretuak jasota dagoenez, horiek bi asteko etenari dagozkion orduak errekuperatu beharko dituzte, mailakatuta eta denboran banatuta (urtea bukatu bitartean). Badira, baina, bestelako erabakirik hartu duten lantegiak ere; Zestoako Forjas Iraeta da horietako bat. Lantegi horretako Enpresa Batzordeak eta zuzendaritzak akordio bat erdietsi dute, eta beharginek ez dituzte ordu guztiak errekuperatu beharko. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, orduen %66 egin beharko dituzte langileek, eta gainerako orduak enpresak hartuko ditu bere gain.

ELAk azaldu duenez, Aste Santuaren aurretik, "lan karga tarteko", "behin eta berriz" orduak berreskuratu beharko zituztela adierazi zuen enpresak. "Errekuperazio horretan malguak izatea onartu genuen, baina ordu guztiak errekuperatu beharrik gabe". Sindikatuaren arabera, baimen berreskuragarria arautzen duen dekretua "hobetzea" lortu dute akordioarekin, eta esan du posible dela halakoak lortzea enpresan sindikalki "ondo antolatuta" egonez gero. Gainera, ELAk esan du "bidezkoa" dela ordu guztiak ez errekuperatzea, koronabirusak sortutako aparteko egoera ez delako langileen erantzukizuna.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide