Herriko saltokiei bisera babesleak banatzen ari da Zestoako Udala

Urola Kostako Hitza 2020ko apirilaren 11

Tolosako Lanbide Heziketa eskolatik bisera babesleak eskuratu ditu Zestoako Udalak, eta horiek herriko dendarien artean banatzen ari dira.

Zestoako Udalak bisera babesleak eskuratu ditu Tolosako Lanbide Heziketa eskolatik. Boluntario talde bat ari da biserak ekoizten bertan, 3D inprimagailuak erabiliz. Zestoako Udala harremanetan jarri zen hango arduradunekin, eta biserak herriko merkatariei banatzea erabaki zuen.

Atzo ekarri zituzten biserak Zestoako udaletxera, eta gaur goizean prestatu dituzte udal ordezkariek eta herriko boluntario sarearen parte diren hainbat herritarrek. Behin biserak prestatuta, jendaurrean lan egiten duten herriko saltokietara eraman dituzte, langileek babes-neurri bat gehiago izan dezaten.

Bisera horiek egunero desinfektatzea komeni da, eta Zestoako Udalak adierazi duenez, udaletxean geratzen dira gehiago oraindik, dendariren batek gehiago beharko balitu. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide