Zestoako San Juan egoitzan itxialdia hasi zuten martxoaren 30ean, bertako egoiliarrak ahalik eta gehien babesteko helburuarekin. Ordutik igaro diren bi asteotan, 25 langile egon dira egoitzan konfinatuta, aste bateko bi txandatan banatuta. Egoitzako ordezkariek azaldu dutenez, denak "ondo" daude. "Birusari aurre egitea lortu dugu oraingoz, baina arriskuak hor dirau". Hori horrela izanik, itxialdia beste hamar egunez luzatzea erabaki dute.
Egunotan jaso duten "laguntza eta babes keinu guztiak" eskertu nahi izan dituzte "bihotzez" egoitzako kideek. "Guztia bukatzean izango dugu eskerrak behar bezala emateko eta denok elkartzeko denbora, baina orain lanean gogor eta arduraz jarraitu behar dugu", erantsi dute.
Jon Maiaren bertso bat ekarri dute gogora San Juan egoitzako ordezkariek. Hona hemen bertsoa:
(Doinua: Itsasoari begira)
"San Juan Egoitzan zaudeten denak
gure barne txalo hotsez.
Omendu asmoz doa bertso hau
herriko ehunka ahotsez.
Elkar zaintzeko garaia da hau
orain bezela inoiz ez.
Eredugarri ari zerate
eskuzabal etxe gosez.
Eskerrik asko, behin eta berriz
eskerrik asko bihotzez.