Covid-19 gaitzari aurre egiteko osasun agintariek hartu dituzten neurriak kontuan hartuta, santakutzetako helduen zein umeen danborradekin zer gertatuko den aztertzen ari da Zestoako Udala. Erabakia hartu aurretik, ordea, danborradako taldeen eta elkarteen iritzia jaso nahi du udalak: "Danborradan parte hartzen duten taldeetako partaideen iritzia ezinbestekoa delako udalarentzat erabakia hartzeko". Ekarpenak eta iritziak biltzeko, danborradan parte hartzen duten elkarte eta talde desberdinekin harremanetan jarri da erakundea.
Apirilaren 10era bitarteko epea eman die talde denei beren ekarpenak egiteko. Ekarpenak eta iritzia adierazteko, Nerea Odriozola Zestoako Udaleko Kultura eta Ondare zinegotziarekin jarri behar da harremanetan 665 75 65 73 telefono zenbakira deituta edota n.odriozola@zestoa.eus helbide elektronikora idatzita.
Behin ekarpen guztiak jasota dituztenean, horien berri emateko oharra kaleratuko du Zestoako Udalak.