Zestoako Udalak koronabirusarekin positibo eman duten edo kutsatze arriskuagatik berrogeialdian dauden herritarri zuzendutako deia zabaldu du, hondakinen kudeaketarekin lotutakoa.
Atzo jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Zestoan orain arteko lehen positiboa baieztatu zutela. "Kutsaturiko herritarra ospitalean dago eta, udalak jakin ahal izan duenaren arabera, hainbat herritar berrogeialdian dago, badaezpada", azaldu du informazio horren harira udalak, ohar bidez. Hain zuzen ere, positibo emandako edota berrogeialdia egin behar duten herritarrei eskaera egin die udalak, udalera bertara (943-14 70 10 telefonoa) edo Urola Erdiko Mankomunitatera (943-85 73 19), pertsona horien hondakinen bilketan beharrezko egokitzapenak egin ahal izateko: "Datuen babeserako legea medio, Osakidetzak ezin dio udalari informazio hori eman, eta oso garrantzitsua da udalak datu horiek izatea, hondakinen bilketan beharrezko neurriak hartu ahal izateko eta kutsatze arriskua gutxitzeko".
Aipatutako kasuan dauden herritarrek deituz gero, udalak argitu du mankomunitatea arduratuko dela "positibo eman duenari edota berrogeialdian dagoenari hondakinak botatzeko jarraitu beharreko prozedura azaltzeaz".