Azpeitia-Azkoitia lasterketaren txapelak, osasungintzako eta zahar etxeetako langileentzat

Urola Kostako Hitza 2020ko apirilaren 1a

Joan den zapaturako prest zituzten garaikurrak Azkoitiko Gurutze Gorriari eta Azpeitiko San Martin, Azkoitiko San Jose eta Zestoako San Juan egoitzei ematea erabaki dute antolatzaileek, koronabirusaren larrialdi egoeran egiten ari diren lana eskertzeko.

Joan den larunbatean zen egitekoa aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, baina egunotarako aurreikusita zeuden beste ekitaldi guztiak bezala, lasterketa hori ere ezin izan zen egin; irailaren 19ra atzeratu dute maratoi erdia, eta horren inguruko argazki erakusketa, berriz, Interneten jarri dute momentuz.

Antolatzaileek "dena prest" zuten lasterketa joan den asteburuan egiteko; tartean, baita irabazleek jaso behar zituzten garaikurrak ere. Horregatik, zapaturako prest zituzten txapelei beste erabilpen bat ematea erabaki dute eta horren berri eman dute gaur: Azkoitiko Gurutze Gorriak eta Azpeitiko San Martin, Azkoitiko San Jose eta Zestoako San Juan egoitzek jasoko dituzte Azkoitia-Azpeitia lasterketaren txapelak. "Txapeldun bereziak" izendatu nahi izan dituzte, horrenbestez, COVID-19aren krisialdian lehen lerroan lanean ari diren osasungintzako eta zahar etxeetako langileak.

"Aurtengo gure leloetako bik horrela zioten: Gizatasun handiko mundua dugu amets. Bihotz bizien mundua. Gaur egun, gizarte eragileak eta gizarte osoa, oro har, COVID-19aren aurka ari dira borrokan. Borroka horretan, arrisku talde handienetakoa da medikuena, erizainena eta egoitzetako langileena, bestelako eragile, langile eta arrisku taldeak baztertu gabe", nabarmendu dute antolatzaileek. Horregatik, "beren txaloak eta aitortza" helarazteko modua ikusi dute txapel bana aipatutako erakundeetako langileei emanda.

Berrogeialdia amaitutakoan banatuko dituzte txapel horiek Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide