COVID-19 gaitzak hankaz gora jarri du Euskal Herria. Hori dela eta, asko izan dira koronabirusari aurre egiteko erakundeek hartu dituzten neurriak, eta Zestoako San Juan fundazioko kideek beste urrats bat eman dute: gaurtik, itxialdian dira langileak ere.
Datu lazgarriak iritsi dira azken asteetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetatik. Foru Aldundiak atzora arte eguneratutako datuen arabera, 82 dira lurraldeko 65 egoitzetan bizi diren eta birusa duten adinekoak. Gainera, horietatik bi hil egin dira. Gaur egun, 36 egoiliar bizi dira San Juan egoitzan, baina babestutako etxebizitzak ere badituzte bertan, eta horietan beste zazpi erabiltzaile bizi dira.
Koronabirusaren krisia hasi zenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Osakidetzarekin adostutako protokoloa aplikatu dute San Juan egoitzan ere. Egoeraren larritasuna ikusita, baina, neurri zorrotzagoak hartzea erdietsi dute zuzendaritzak eta beharginek. Dena den, gaur-gaurkoz, birusa ez da iritsi Zestoako egoitza horretara. "Oraingoz ez dugu birusa egoitzan sartu den zantzurik, baina hori ez du inork ziurtatzen; kezka hori badaukagu", azaldu du Joseba Illarramendi zuzendariak.
Haren arabera, arrazoi nagusi bat tarteko erabaki dute itxialdia egitea: "Nahiz eta bisitak-eta debekatu, jabetzen ginen jendearen egoitzarako sartu-irtena arrisku faktorea zela. Batetik, langileon sartu irtena; eta, bestetik, hornitzaileena". Izan ere, Illarramendik adierazi duenez, sukalde eta garbiketa zerbitzu propioak dituzte egoitzan. Gainera, hark esan du "kezka" sortzen ziela langileen egoerak ere. "Batetik, langileok gaitza egoitzara sartzeko aukera hor zegoen, baina baita gaitza egoitzatik gure etxeetara eramatekoa ere".
Birusari egoitzara sartzeko zirrikitu denak ixtea zuten helburu. Aldundiko teknikariekin hitz egin zuten aurrena, itxialdia egitea posible ote zen aztertzeko. Haien baiezkoa jasota, langileekin batzartu ziren zuzendaritzako kideak joan zen astean. Illarramendik langileen prestutasuna azpimarratu du: "45 langile gara, eta denek erakutsi dute lanerako prestutasuna. 11-12 laguneko bi lantalde sortu ditugu, eta horiek astebeteko txanda bana egingo dute, hamabostaldia osatzeko. Gero ikusiko dugu gauzak nola dauden".
Gaur, astelehena, sartu dira lanera itxialdiko lehen astean izango diren beharginak. Lehen eguna izanik, baloraziorik ezin egin, baina Illarramendik adierazi duenez, egitekoa ez zaie aldatu. "Hori bai, lantalde murritzagoa ari gara beharrean. Hala eta guztiz, sukalde zerbitzua catering bidez emango dugu asteotan. Beraz, egoitzara sartuko den kanpoko elementu bakarra cateringeko furgoneta izango da". Horixe da aldaketarik nabarmenena; izan ere, langileen figura oro mantendu dute, eta horrenbestez, datozen egunetan sukaldaria, garbitzaileak, zaintzaileak, erizainak, bulegoko langileak… denak izango dira lanean. "Egunerokoa orain artekoaren antzekoa izango da".
Egoitzan bertan egokitu dute langileentzat lotarako lekua; Eguneko Zentroa kokatuta dagoen eremuan, hain zuzen ere. Zerbitzu hori itxita dago joan zen martxoaren 14az geroztik, eta leku hori baliatu dute logela egokitzeko. "Aldundiko teknikarien laguntzarekin, joan zen astean Zestuko Bainuetxetik ekarri genituen hamabi ohe. Otorduak ere Eguneko Zentroan egingo ditugu".
Konfinamendua hasi zenetik, egoerara moldatzen aritu dira adineko egoitzetan, eta unean-unean erabakiak hartzen ere bai. Hasieratik lehen lerroan izan dute, ordea, eskaera bat egoitzetako langileek eta kudeatzaileek: material falta. Eta horretan berretsi da Illarramendi: "Babes neurri eskasekin aritu gara hasieratik, eta gaur egun ere hala gaude. Gure kasuan, zorte handiz, lagun baten bidez maskarak erosi ahal izan genituen, baina… Iristen zaigun materiala oso urria da, ez da justukoa ere. Babes materialaren aurreikuspen falta handia egon da hasieratik, eta ez egoitzetan bakarrik".
Zestoako San Juan egoitza da itxialdia egitea erabaki duen Gipuzkoako lehen egoitza. "Aldundiak neurria egokitzat hartzen zuela esan zigun, eta erakundearekin koordinatuta gauzatu dugu prozesu guztia".