Joan zen astean egindako gisan, bideo bidez zuzendu zaie herritarrei Zestoako alkatea gaur, igandearekin. Mikel Arregik koronabirusaren krisia izan du hizpide bideoan, eta besteak beste, herritarren jarrera txalotu nahi izan du, "eredu" direla erakutsi dutelako.
Hark aipatu duenez, gaur-gaurkoz ez da COVID-19 birusaren baieztatutako kasurik Zestoan, baina azaldu du dagoeneko Gipuzkoako 88 herritaetatik 54tan hauteman dituztela positiboak. "3.000 biztanletik gorako herrien artean, baieztatutako kasurik ez dagoen herri bakarra gara. Dena den, hori tentuz hartu beharreko datua da; izan ere, birusak ospitalizazioa ekar dezake, baina sintomarik gabe ere pasatu daiteke". Hala eta guztiz, herrian kasurik ez izatea "zantzu" eta "albiste" ona dela esan du alkateak.
Konfinamenduko bigarren astea igarota, Zestoako alkateak adierazi du herritarrak, oro har, "ondo" ari direla konfinamendua errespetatzen. "Udaltzaingoak adierazi digu lehen astetik bigarrenera saltoa eman dutela herritarrek, nahiz eta gorabehera batzuk izan diren. Halere, maila ematen ari gara", azaldu du.
Bestalde, hark gaur Espainiako Gobernuak hartu duen erabakia izan du hizpide: funtsezkoa ez den jarduera oro etetea. Arregik azaldu duenez, udala erakunde publikoa denez, herritarrei zerbitzua eskaintzea da erakundearen helburua eta betebeherra. Hori dela eta, moldaketak egin eta zerbitzua eskaintzen segituko dutela adierazi du: "Desinfekzioekin hasi ginen lehengo astean, eta horretan segituko dugu, langileen baldintzetara egokituta".
Hark gogorarazi du Gizarte Zerbitzuak martxan direla: "Alarma egoerarekin, eguneko zentroa itxi egin genuen, baina erabiltzaileei banaka deitu diegu egunotan". Alkateak jakinarazi duenez, 85 urtetik gora dituzten eta bakarrik bizi diren herritarrei ere deituko diete, eta 3Z elkarteko kideekin bilera egingo dute bihar. "Horiekin hitz egin eta 75 urtetik gorako herritar denei deitzen saiatuko gara". Boluntario sarea ere izan du gogoran, eta 3Z elkarteari eskerrak eman dizkio, erakutsitako prestutasunagatik. "Adinekoena da sektorerik zaurgarriena, eta haiei ahalik eta arreta bereziena eskaini behar diegu".
COVID-19ak sortutako egoerak eragin ekonomiko "nahiko kaltegarria" ekarriko duela argi du Zestoako alkateak. "Jabetuta gaude tabernariak, dendariak nahiz autonomoak kaltetuta aterako direla. Diru lerroak martxan jarri dituzte dagoeneko Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horien jarraipena egiten ari gara. Dena antolatu nahi dugu, eskualdeko garapen agentziarekin-eta harremanetan gaude, eta herritarrei dirulaguntzen inguruko informazioa emateko bilera deituko dugu egoera normaltzen denean. Izan ere, kaltetu guztiei lagundu behar diegu, eta udal baliabideak horretara bideratu behar al diren aztertzen ere ari gara".
Arregik gogoan izan ditu San Juan eta Gisasola egoitzetako langileak, eta haiei eskerrak eman dizkie, "eredu" direlako. Gainera, hark aurreratu du bihartik aurrera itxialdian izango direla San Juan egoitzako langileak ere. "Egoiliarrekin egingo dute horiek konfinamendua, egoerari ahalik eta egoera eraginkorrenean aurre egiteko. Benetan zoriontzekoa da hartu duten erabakia".
Hala eta guztiz, egoera "traumatikoa" dela jakitun da alkatea: "Friboloa izan badaiteke ere, egoerak ikasgaia utziko digula eta egoera honetatik indartuta aterako garela uste dut". Hark azaldu duenez, ez da dirua herri bat aberats egiten duena, elkartasuna eta elkar zaintzeko ahalegina eta gogoa baizik. "Herri honetan hori ari gara ikusten. Ez dugu diru askorik izango, baina herri oso aberatsa gara".