Koronabirusaren eraginez, Maltatik itzuli ezinda zaude.
Bai, hala da. Hemengo enpresak itxi egin dituzte, eta gehienok edo ahal dugunok, etxetik ari gara lanean. Hori dela eta, nagusiarekin hitz egin nuen, eta hark ezjakintasun egoera batean gaudela baieztatu zidanean, bi aldiz pentsatu gabe, Espainiako enbaxadarekin jarri nintzen harremanetan.
Zein da zure egoera? Zer zailtasun dituzu Euskal Herrira itzultzeko?
Espainiako enbaxadak hiru hegaldi antolatu ditu orain arte –joan den astean izan zen azkena–: oporretara joandakoentzat, denboraldi baterako Maltan zeudenentzat edo larrialdi batengatik itzuli behar zutenentzat bakarrik ziren hegaldi horiek. Horretaz aparte, martxoaren 20an mezu elektroniko bat jaso nuen, esanez ordubete barru aireportura joateko, Greziarako hegazkin txartela erosteko eta Greziako enbaxadarekin harremanetan jartzeko, handik Espainiarako hegazkin bat antolatu zutela eta. Garbi zegoen ez neukala nahikoa denbora esandakoa egiteko, eta gainera, ez nuen nahi beste herrialde batera joan, gero han harrapatuta gelditzeko arriskua ikusten nuelako.
Ez al dute beste hegaldirik antolatu?
Maltan, momentuz, ez; eta antolatuta ere, hegazkina Madrileraino soilik iritsiko litzateke. Datuei erreparatuta, Malta Madril baino leku seguruagoa dela uste dut, nahiz eta momentu honetan familiarekin egotea nahiko nukeen.
Noiz joan zinen Maltara? Eta zer dela eta?
Orain dela lau urte etorri nintzen, 2016ko martxoan, hain zuzen. Garbi nuen kanpora irten beharra nuela abentura bila edo bizimodua aldatzera. Beraz, behin herritik irteteko erabakia hartuta, ingelesez hitz egiten zen lekuen inguruko informazio bila hasi nintzen. Horien artean Malta iruditu zitzaidan aukerarik onena, etxetik gertu zegoelako, eta batez ere, eguraldi eta giro ezin hobea egiten zuelako.
Zein da zure egunerokoa hor?
Inditex frankizian egiten dut lan; hiru urte eta erdi daramatzat enpresa berean, eta operazio taldeko partaide naiz. Batez ere, enpresaren sistema lantzeaz eta teknologia berriak kudeatzeaz arduratzen naiz. Gainera, denbora librean gimnasia eta dantza eskoletara joaten naiz –bachata eta salsa ikasten ditut–, nahiz eta orain dena itxita dagoen.
Koronabirusaren krisia iritsi da Maltara ere, beraz. Zein da egoera hor?
Malta irla bat denez, turismotik bizi da, eta asko eragin du koronabirusak, hotel eta taberna guztiak itxita baitaude. Supermerkatuak, botikak eta etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxeak bakarrik daude irekita. Gainera, apustu enpresa asko daude Maltan, eta sektore horretako langile denak etxetik ari dira lanean. Esan beharra dago koronabirusa baino lehen etorri zela krisi ekonomikoa Maltara; izan ere, gobernua azkar hasi zen neurriak hartzen gaixotasuna gehiago ez zabaltzeko. Lehenengo koronabirus kasua martxoaren 7an agertu zen herrialde honetan –Italian oporretan egon zen familia bat–, eta ordurako, enpresa batzuk etxetik ari ziren lanean.
Zer-nolako neurriak hartu ditu gobernuak?
Maltako Gobernuak azkar hartu zituen erabakiak, eta supermerkatura sartzerakoan tenperatura hartzen diete bezero guztiei. Gainera, etxetik irten ezin dutenentzat janaria etxera eramateko zerbitzu bat dago; hori bai, aparte ordaindu behar da hori.
Nola ari zara bizitzen ezohiko egoera hau?
Kalera irten gaitezke hemen; ez dago ezer debekatuta, oraingoz. Goizero irteten naiz buelta bat ematera, baina ikusten da lehen bezainbeste jende ez dabilela kalean. Italian zer gertatzen ari zen ikusita, lan egiten dudan enpresan otsailaren amaieran hasi ginen neurriak hartzen; izan ere, Malta Italiaren ondoan dago, eta turista gehienak handik etortzen dira. Momentuz [asteartean], 110 kutsatu daude Maltan, eta ez dago hildakorik. Kutsatuetako lehenengo 30 pertsonak kanpotik etorriak izan ziren: Italiatik, Espainiatik, Irlandatik eta Belgikatik. Baina kontuan hartu behar da Malta irla txiki bat dela, eta beldur handia du jendeak. Beraz, herritarrek asko errespetatzen dituzte arauak.
Asko aldatu al da zure bizimodua?
Etxetik egiten dut lan; beraz, ez da hainbeste aldatu nire egunerokoa. Hala ere, nire hemengo lagun batzuk ez dira kalera irteten beldurragatik, eta alde horretatik, nabaritzen dut aldaketa. Izan ere, kanpoan bakarrik bizi zarenean lagunak dira zure familiaren parte.
Zein dira aurrera begira dituzun asmoak?
Egia esan, zeure bizitzarekin zer egin pentsatzen jartzen zara momentu hauetan; are gehiago, familiaregandik urrun egonda. Lehen esanda bezala, Espainiako enbaxadarekin jarri nintzen harremanetan etxera bueltatzeko, baina gero, Euskal Herriko datuak ikusita, konturatu naiz zentzuzkoena hemen geratzea dela. Beraz, momentuz hemen jarraituko dut. Baina buruari buelta batzuk ematen ari naiz, batez ere, familiarengatik. Gainera, bigarren iloba bidean datorrela jakinda, ez nuke nahi berriz ere momentu horiek urrutitik bizitzea.
Mundua hankaz gora jarri du koronabirusaren pandemiak. Nola sentitzen zara une hauetan etxetik urrun egonda?
Asko gogoratzen naiz nire familiarekin eta lagunekin, eta batez ere, nire ilobarekin, hemen nengoela jaio baitzen. Dena den, gaur egun dauzkagun teknologia erraztasunei esker, arinagoa egiten da dena. Maltara etorri nintznetik, egunero hitz egiten dut familiarekin, eta azkenean, hainbeste denbora kanpoan egonda, ohitu egiten zara.