Gaur, asteazkena, goizeko bederatzietan ezohiko udalbatzarra egin dute Zestoan; egiteko moduan ere ezohikoa izan da, izan ere 11 udal ordezkarietatik bostek parte hartu dute: EH Bilduko hiru ordezkarik eta EAJko bik. "Murriztuta egin dugu bilkura", azaldu du Mikel Arregi alkateak. Alerta egoeran dauden bitarterako, udalean jarraipen batzordea osatzea erabaki dute, asteazkenero bilduko da talde hori.
Koronabirusaren pandemiaren aurrean alkateak dekretuz hartutako erabakien berri eman dute aurrena gaurko udalbatzarrean. Besteak beste, herritarrek ibilgailuen zerga ordaintzeko zuten epea bertan behera uztea erabaki du udalak.
Ondoren, udaleko sail desberdinetako langileen egoeraren berri eman dute bilkuran. Udaleko brigada eta Ongizate Zerbitzua ehuneko ehunean ari dira lanean Zestoan, baina ez beste udal zerbitzu batzuk. "Ezinbestekoak diren arloetako langileak lanean ari dira egun hauetan; beste batzuetan, ordea, murrizketak ezarri ditugu. Esaterako, kirol sailekoak ez dira ari lanean eta udaleko harreran, berriz, txandaka ari dira", azaldu du Arregik. Horri lotuta, udala ados jarri da sindikatuetako ordezkariekin, langileek orain galdutako ordu horiek errekuperatzen joateko egoera bere onera etortzen denean.