Ezohiko egoera batean murgilduta bizi dira azken asteetan herritarrak. Koronabirus kasuak han eta hemen agertzen ari dira, eta erakunde publikoek neurri zorrotzak hartu dituzte gaixotasunaren hedatzea oztopatzeko, eta horrela, herritar kutsatuen kopurua jaisteko. Etxetik ez ateratzeko aginduak guztiz baldintzatu du herritar guztien bizimodua, baina bereziki adinekoei eta arrisku taldeetako herritarrei eragin die, COVID-19 gaixotasunarekin ez kutsatzeko ahalik eta zorrotzen bete behar dutelako konfinamendua. Gainera, osasun larrialdi egoerak behartuta herrietako zerbitzuak eta baliabideak itxita daudenez, udalak eta eragileak ohartu dira lehendik egoera zaurgarrian zeuden herritarren testuingurua okertu egin daitekeela, eta herrietako gizarte zerbitzuak ez direla nahikoa izango horien beharrei erantzuteko. Horregatik, larrialdi egoerari aurre egiteko, hainbat egitasmo sortu dira eskualdean. Horien adibide dira Orioko Udalak eta herriko eragileek abiatu duten zaintza sarea, eta Zestoako Babes Sarea.
ORIOKO ZAINTZA SAREA
Orioko alkate Anuska Esnalek azaldu duenez, halako larrialdi egoerek "eragin handia" izaten dute gizartean, eta "oso argi" zuen herritarrei laguntzeko herri sareak sortu behar zituztela. Horretarako, herriko hainbat eragilerekin jarri zen harremanetan –Txurrumuskiko, Xaltxerak talde feministako eta Gaztetxeko kideekin–, eta martxan jarri ziren. Boluntarioak biltzeko deialdi bateratua egin zuten, eta erantzuna "bikaina" izan dela uste du Esnalek; 130 lagun inguruk izena eman dute dagoeneko Orioko Zaintza Sarean.
Behin boluntario taldea bilduta, osasun larrialdi egoeran segurtasun neurriak betez lan egiteko beharrezkoak diren izapideak egin zituen udalak.
Lan ildoak
Orioko Zaintza Sareak bi lan ildo jorratu ditu. Alde batetik, 70 urtetik gorako herritarrekin harremanetan jarri eta horien jarraipena egiten ari da. «Telefonoz deitu diegu banan-banan,eta asko eskertu digute zer moduz dauden galdetzea eta boluntario sarearen inguruko informazioa ematea», adierazi du Esnalek.
Bestetik, erosketak egiteko zerbitzua ere jarri dute martxan. "Zerbitzua ez dago adinekoei soilik zuzendua. Familia bakoitzak bere arazoak ditu, eta laguntza behar duten herritarren beharrei erantzutea da asmoa". Zaintza sarearen helburua da ahal den heinean herritarrak etxetik ez ateratzea. "Askotariko errealitateak bizi dituzte herriko familiek, eta laguntza behar dutenei laguntzeko sortu dugu sarea", nabarmendu du alkateak. Hala, erosketak segurtasun neurriak errespetatuz egiteko protokoloa zehaztu dute udalak eta zaintza sareak.
Protokoloa
Egunak pasatu ahala, ikasten joan da zaintza sarea, eta pixkanaka jarraibideak zehazten eta protokoloa fintzen joan dira oriotarrak. Izan ere, boluntarioek eta erabiltzaileek zuzeneko harremanik ez izatea da helburua, eta horretarako hainbat neurri hartu dituzte.
Alde batetik, erosketak banaka egiten dituzte boluntarioek, eta produktuak udalaren erosketa txartelarekin ordaintzen dituzte, eskudirurik erabili beharrik ez izateko. Osasun larrialdi egoera bertan behera geratzen denean bideratuko dute erosketen ordainketa, eta erabiltzaileek orduan ordainduko diote udalari.
Bestetik, boluntarioek erosketa atean uzten diete erabiltzaileei, baina ondoren telefonoz deitzen diete, zerbitzuarekin gustura geratu diren eta ondo dauden jakiteko. Orain arte oso harrera ona izan du zerbitzuak, eta eskertuta agertu dira erabiltzaileak.
Izen ematea zabalik
Boluntario sarean parte hartu nahi dutenek badute horretarako aukera oraindik, baina Orioko Udalak gogorarazi du hainbat baldintza bete behar direla horretarako. Alde batetik, boluntarioek ezin dituzte koronabirusaren sintomak izan; hala nola, sukarra, ahulezia, buruko mina edo eztula. Bestetik, garrantzitsua da COVID-19 gaixotasuna duelako edo gaitza izan duen norbaitekin harremanetan egon delako isolatuta dagoen pertsonaren batekin egon ez izana. Horrez gain, arrisku taldeetako pertsonek edota adinekoek ere ezingo dute boluntario sarean parte hartu.
ZESTOAKO BABES SAREA
Zestoan ere arduraz heldu diote egitekoari, eta adineko herritarrei laguntza emateko eta erosketak egiteko boluntario sarea antolatu dute Zestoako Udalak, Gazte Asanbladak eta 3Z taldeak elkarlanean. Udaleko eta bi eragiletako kideak "harro" daude herritarrek laguntzeko erakutsi duten prestutasuna ikusita. Mikel Arregi Zestoako alkateak azaldu duenez, COVID-19 gaitzaren ondorioz ezarritako neurriak tarteko, argi zuten adineko herritarrak izango zirela egoerarik zaurgarrienean geldituko zirenak. Horren jakitun hasi ziren lanean: "Iruditu zitzaigun ezin genuela onartu herritarrak oinarrizko hornigairik gabe uztea, eta horregatik ekin genion saretzeari. Zestoako Udala, Gazte Asanblada eta 3Z taldea harremanetan jarri ginen, eta bilera bat egin genuen egoerari nola heldu pentsatzeko. Bilera horretan argi gelditu zen boluntario sarearen beharra", adierazi du Arregik.
Behin boluntario sarea martxan jartzearen beharra identifikatuta, sare hori osatzeari ekin zioten aurrena, eta sarea aktibatzeari heldu diote ondoren. Gaur-gaurkoz, 35 boluntario inguruk osatzen dute Zestoako Babes Sarea, eta herritar horiek guztiak dekretuz babestuta daude. Zestoako Udalak atera du dekretua, boluntario sarea bebestuta egon dadin. Alkatea eskertuta agertu da boluntarioak egiten ari diren lana tarteko: "Ez dakigu honek zenbat denbora iraungo duen, baina egoera oso gogorra da. Momentu zailak dira, eta familia batzuk gaizki pasatzen ariko dira. Horregatik eskertzekoa da Zestoa bezalako herri batean horrelako boluntario sarea sortzeko aukera egotea". Era berean, Gazte Asanbladari eta 3Z taldeari eskerrak eman dizkie Arregik, egin duten esfortzua dela eta.
Merkatarien ahalegina
Eragileetako kideek ez ezik, herriko merkatariek ere beren ekarpena egin dute babes sarean, eta haiei ere eskerrak eman dizkie Arregik. Izan ere, saltokietako arduradunek «erraztasunak» jarri dituztela nabarmendu nahi izan du Zestoako alkateak: «Boluntarioak erosketak egitera joandakoan, beraiek ordaindu beharrean, egokiagoa iruditzen zitzaigun merkatariek dirua aurreratzea, eta guk dena amaitzean egitea ordainketa».
Merkatariek ez dute neurriaren aurrean eragozpenik jarri; alderantziz, «erreztasun guztiak» jarri dituzte. «Herri bezala zoriontzeko moduko gauza da hori», esan du alkateak.
Boluntarioen esperientzia
Xanti Ugarte 3Z elkarteko kidea da, eta hark ere adierazi du ez zutela zalantzarik egin boluntario sarera batzeko: "Lehendik ari ginen Zestoako adineko jendea eta horiek zituzten beharrak identifikatzen, eta koronabirusaren aurkako egoera honetan, pentsatu genuen guk ere zerbait egiteko unea zela. Bi bilera egin ditugu udalarekin , eta guztia antolatu dugu horietan".
Ugartek azaldu duenez, Zestoako etxe guztietan jarri dituzte kartelak harremanetarako zenbakia zehaztuz, eta laguntza behar duten herritarrek hara deitu besterik ez dute egin behar, zerbitzua erabiltzeko.
Ondoren, babes sarearen koordinazio lanaz arduratzen den zinegotzia boluntario batekin jarriko da harremanetan, eta azken hori arduratuko da erosketak egiteaz. Ugartek azpimarratu du "diskrezioz" ari direla lanean: "Ez dakigu zenbat jendek eskatu duen erosketa zerbitzua; izan ere diskrezioz lan egingo genuela adostu genuen. Gure egitekoa bakarra da: laguntzea".
Ortzi Alberdi Zestoako Gazte Asanbladako kidea da, eta hark azaldu du Gaztetxekoak aspalditik ari direla langile elkartasunaren bueltako lanketan. Era berean, eta 3Zko kideek bezala, azpimarratu du Gazte Asanbladako kideek ez zutela zalantzarik egin babes sarera batzeko unean. "Krisi egoeretan langile klaseko jende ugari gelditzen gara babes gabe, sistema hau ez dagoelako prestatuta jendearen zaintza bermatzeko, jendea balorizaziorako erabiltzeko baizik. Izan ere, jendea erreminta da sistemarentzat", adierazi du.
Horrez gain, langileen autoantolakuntzaren garrantzia nabarmendu du Alberdik: "Babes gabe gelditzen den jendearen zaintza bermatzeko bide bakarra langile klasearen autoantolakuntza dela iruditzen zaigu, eta une honetan ezinbestekoa da langileok elkarrekin antolatzea babes hori ziurtatu ahal izateko". Gazte Asanbladako kideak esan du "harro" daudela jendea laguntzeko prest agertu dela ikusita.