Kaleak eta gune publikoak desinfektatzen hasi dira Azpeitian eta Zestoan

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 24a

Udal langileak ariko dira eginkizun horietan bi herrietan, koronabirusak eragindako larrialdi egoerak irauten duen bitartean. Herritarrek gehien erabiltzen dituzten kaleak eta hiri hornidurak garbituko dituzte, batik bat.

Azpeitiko eta Zestoako udalek ohiko kale garbiketa zerbitzuak indartu eta desinfekzio lanak areagotu dituztela iragarri dute gaur, koronabirusaren hedapena oztopatzeko neurri bezala. Hain zuzen ere, egungo larrialdi egoerak irauten duen bitartean mantenduko dituzte neurri berriak.

Kaleak, denda inguruak, anbulatorio aurrea, autobus geltokiak, aulkiak, pasabideak eta, bereziki, barandak eta hondakinen edukiontziak. Horiek izendatu ditu Azpeitiko Udalak "arrisku handieneko eremu", eta horietan indartu ditu garbiketa eta desinfekzio lanak. Hain zuzen ere, "egunero desinfektatuko" dituzte udal langileek espazio horiek, hipokloritoa erabilita, koronabirusak eragindako larrialdi egoerak dirauen bitartean.

Lan horiek egiteko, kale garbitzaileei brigadako langileak gehituko zaizkiela jakinarazi du udalak. "Koronabirusari ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egitea da udalak momentu honetan duen lehentasun nagusia. Baliabide guztiak horretara bideratuta ditugu eta lehentasuna espazio publikoen garbiketa eta desinfekzio jarraitua egitea da; eta horretan ari gara. Higienea eta garbiketa ezinbestekoa da pandemia honi aurre egiteko, eta kaleak egunero desinfektatzen ari gara", adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.

Zestoan, atzo hasi ziren udal brigadako langileak desinfektaze lanekin. Herritarren joan-etorri handiena izaten duten herriguneko kaleak -Euskal Herria plaza, Gesalaga kalea eta Gurutzeaga kalea- egunero desinfektatuko dituzte 07:30ean.

Arroabean, Iraetan, Aizarnan eta herriguneko beste kaleetan ere egingo dituzte desinfekzio lanak, baina horiek maiztasun txikiagoarekin izango direla jakinarazi dute. Hondakinak jasotzeko ekarpen guneak ere garbituko dituzte Zestoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide