Zestoako kiroldegiko bazkideek Internet bidezko saioak egin ahal izango dituzte datorren astetik aurrera

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 23a

Kiroldegiko bazkideek Telegim.t enpresaren mezu bat jasoko dute e-posta helbidean, eta plataformarako sarbidea izango dute datorren astetik aurrera. Kiroldegiko bazkide fitxa betetzean emandako e-posta helbidean jasoko dute herritarrek mezua.

Kiroldegiko bazkideek Internet bidezko saioak jaso ahal izango dituzte datorren astetik aurrera. Izan ere, Udaleko Kirol Sailak hala erabakita, kiroldegiko bazkideek Telegim.t enpresaren mezu bat jasoko dute e-posta helbidean, eta horiek plataformara sarbidea izango dute datorren astetik aurrera.

Kiroldegiko bazkide fitxa betetzean emandako e-posta helbidean jasoko dute herritarrek mezua. Dena den, fitxan e-posta helbidea eman ez zutenek martxoaren 27ra, ostirala, arteko epea dute helbidea jakinarazteko. Horiek zestoakirola@zestoa.eus helbidera mezua idatzi beharko dute, izen-abizenak, NAN zenbakia eta erabili nahi duten e-posta helbidea zehaztuta. Gainera, datozen egunetan mezua jasotzen ez duten bazkideek ere mezua bidali beharko dute datorren astelehenean edo asteartean helbide horretara.

Bestalde, Zestoako Udalak barkamena eskatu die herritarrei. Hain zuzen ere, barkamen hitzak izan ditu Telegim.t enpresa gaztelania hutsean ari delako bazkideei mezuak bidaltzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide