Koronabirusak eragindako larrialdi egoeraren testuinguruan herriko adinekoei "arreta pertsonalizatua" eskaintzeko, Zestoako Udalaren Gizarte Zerbitzuen sailak telefonoz deituko die datozen egunetan. "Alde batetik, astebete pasatu da Eguneko Zentroaren zerbitzua eten zenetik, eta zerbitzu horren erabiltzaileei hots egiten hasiko dira teknikariak. Bestetik, herriko hirugarren adinekoei deitzeari ekingo diote. Lehentasuna izango dute bakarrik bizi direnek. Ekimenaren helburua hirugarren adineko pertsonek konfinamendu garai honetan bizi duten egoeraren berri izatea da eta izan ditzaketen beharrei erantzuteko neurriak hartzea", azaldu du udalak.
Ordutegia zabaltzea aztertzen
Udaletxeko bulegoak harrerarako itxita daude arren, langileek lanean jarraitzen dute eta telefono bidezko arreta eta arreta telematikoa ematen ari dira. Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko, 943-14 71 32 telefonora deitu edo gizartekintza@zestoa.eus helbidera datz daiteke.
Ohiko ordutegiarekin ari dira lanean oraingoz, 08:00etatik 14:00etara, baina epe laburrean Gizarte Zerbitzuen arreta ordutegia arratsaldera zabaltzea aztertzen ari dela aurreratu du udalak, "herrian sor daitekeen beharrak aurreikusita".