Zestoan ere martxan jarriko dute adineko herritarrei erosketak egiteko boluntario sarea

Maialen Etxaniz 2020ko martxoaren 16a

Zestoako Udalak, Gazte Asanbladak eta 3Z taldeak elkarlanean antolatu dute boluntario sarea, eta bihar jarriko dute martxan. Zerbitzua erabili nahi dutenek 615 768 980 telefono zenbakira deitu besterik ez dute egin behar.

Koronabirusak sortutako larrialdi krisialdiaren aurrean, adineko herritarrei laguntzeko boluntario sareak antolatu dituzte egunotan Urola Kostako zenbait herritan. Zestoan ere egitekoari arduraz heldu, eta hirugarren adineko herritarrei laguntza eskaintzeko babes sarea antolatu dute. Modu horretan, Zestoako Udalak, Zestoako Gazte Asanbladak eta 3Z taldeak adineko herritarrei erosketa zerbitzua emateko sarea jarriko dute martxan. Bihar, asteartea, ekingo diote zerbitzua eskaintzeari, eta erosketak egiteko eskaria nahi duten herritarrek 615 768 980 telefono zenbakira deitu besterik ez dute egin behar. 

Horrez gain, Zestoako Udalak hainbat neurri jarri ditu martxan koronabirusa dela eta. Alde batetik, udal eraikin guztiak itxi dituzte eta udaleko bulegoek lanean jarraitzen duten arren, arreta zerbitzua telefonoz edo telematikoki bakarrik eskainiko dute. 

Bestalde, herrian irekita dauden komertzioetarako protokolo bat prestatu du erakundeak, eta dagoeneko martxan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide